Naturaren defentsan

Mar Gonzalez Ruiz de Larramendi 2017ko mar. 31a, 08:00

kolaboratzaileak

Gaur egun, burdinezko hesiekin babesten dugu natura. Eta bai, kontraesankorra dirudi. Erabateko hondamendia ekiditzearren, arrotza den zerbait inposatzen diogu ingurumenari. Eta noski, arraroa da. Baina beste irtenbideen bila gabiltzan bitartean, zaborrez estaltzen ditugu bebestu gabeko hondartzak.

Beraz, argudiatu dezakegu natura- erreserbak ezinbestekoak direla izadia bere horretan mantentzeko. Eta zorionekoak sentitu gaizteke erreserba hauetara hurbiltzeko aukera dugun artean. Isiltasuna soinu txikiz josia dagoela antzematen dugunean, osasuntsu gaude. Bideetatik urruntzen gareanean, zuhaitzen itzalek estaltzen dute ke kaltegarrien aztarna.

Baina sarri, bideetatik urruntzea debekatuta dago; eta askotan, hartzen dugun bide hori, bidea baino gehiago porlanezko errepidea dirudi. Paisaiak gainera, ordutegi zorrotza dauka, iluntasunaren laguntzaz eremua desegin ez dezagun: arratsalde partean kostaldea itxi beharra dago; gauean ez dago ohianean sartzerik.  

Horrela, mendiak eta basoak museo “naturalak” izatera zigortzen ditugu. Loreak urruntasunetik begiratu behar dira, artelanekin gertatzen den moduan. Bide eta errepideetatik mugitu beharra dugu, naturaren bazterretan baina naturatik kanpo.

Eta ulertzekoa da, naturaren senetik aldendu ginenetik berak daraman jaiotza eta heriotzen balantza errespetatzen ez dugulako. Zentzuduna da, oharkabean  ematen dugun pauso bakoitzarekin milaka hilketa  txiki eragiten ditugulako.

Eta hala ere ezin gaitezke ados egon: gure basoa babestu behar dugu, baina gure basoa zoologikoa dirudi.

Hitz hauek natura erreserba batean murgilduta izkiriatu ditut. Errepide nagusitik aldendu naiz, eta ez dago baimendua. Ezin naiteke hemen egon, eta ez naiz ilegal sentitzen. Sasiek eta ibaiek ipintzen ez dituzten mugak ez ditut askotan erabat ulertu.

Gainera, entzun dudanez, litekeena da datozen urteetan airoportua handitzea, eta kasu horrtan, erreserba guzti hau irentsiko du. Baina bitartean, ezin gaitezke ibaira hurbildu, zikinduko dugulako. Errepideetatik mugitzea komeni da, ekosistema ez suntsitzearren.

Gizakiek ez, baina diruak beti izango du natura hiltzeko baimena.