Korrikako aurreneko pasa, astearte goizaldean

Guaixe 2017ko api. 2a, 11:08

Irurtzunera 3:20ean iritsiko da eta Etxeberrira 3:26an. Ondoren Zuarrarraten gora abiatuko da lekukoa eta euskararen aldeko korrikalariak.

Bi urtean behin, hutsik egin gabe, hemen da berriro Korrika; euskararen aldeko gure errelebo-lasterketa. Korrikalariei emozioak bor-bor jartzen diena eta lasterka egiten ez dutenak ere hunkitzen dituen lasterketa. AEK-k antolatutako euskararen aldeko mobilizazio erraldoiak aurten Batzuk leloa du; bat eta zuk uztartzen dituen hitz-jolasa da. Euskaratik urrun dauden pertsonei gerturatzeko gonbidapena, azken finean: bat egitera; zuk egitera, euskaraz.

“Batzuk leloarekin partekatu nahi dugu euskara, euskal kultura, gure mundu hori, euskalduna ez den pertsonarekin” esan du Asier Amondok, Korrikaren zuzendariak. Mertxe Mugikak, AEK-ko koordinatzaile nagusiak, hiztun guztiendako “aukera berdintasuna” eskatu du, “eremu guztietan”. Eta argitu du euskararen alde egitea ez dela beste inoren kontra egitea. “Hizkuntza baten alde egitea guztien alde egitea da. Kultura unibertsalaren alde egitea”.

Ibilbidearen %41,34 egina duenean sartuko da Korrika Sakanara. Latasa aldetik Irurtzunera jo, handik Etxeberri aldera eta Zuarrarratetik Lekunberrirantz alde eginen du Korrikak. Km gutxi batzuk izanen dira ibarrean, irurtzundarrek eta arakildarrek korrika eginen dituztenak. Sakandar gehienak apirilaren 8tik 9rako, larunbatetik iganderako gauera zain egonen dira, 22:00etatik 3:00etara euskararen aldeko lekukoa eskuz esku ibiliko delako Sakanan barna.

Zuzenean
Beleixe Irratiak (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) zuzenean emanen du Korrikaren pasa apirilaren 8an eta 9an. Iruñeko helmugaratzea ere entzuteko aukera izanen da Sakanako irrati euskaldunaren bidez. Bestalde, atzoko Korrika hasiera www.guaixe.eus bidez eman zen moduan, emanen da akabera ere.

Datuak
2.535 km
11 egun
235,5 ordu