Lau sakandar Biko-tekan

Guaixe 2017ko mar. 31a, 10:44
Enara Insausti, Mikel Maiza, Irantzu Garcia eta Idoia Zufiaurre.

Idazleek eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egin dira tailer horretan.

Idazlea eta ilustratzailea. Horra bikotea. Zortzi guztira. Tailer batean; liburu grafikoetarako, ilustrazio eta narraziogintza. Irakasleak bi: Harkaitz Cano, Aitziber Alonso. Idazlea, ilustratzailea. Lau sakandar: Idoia Zufiaurre, Enara Insausti; batetik, elkarrekin. Hauek ere: idazlea, ilustratzailea. Besteekin elkartuak: Mikel Maiza etxarriarra; Irantzu Garzia iturmendiarra. Biak ilustratzaileak. Iruñean, Biko-tekan. Ikastaro trinkoa, astelehenetik asteazkenera; goiz-arratsaldez.

Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkarteak Iruñeko Udalaren lankidetzarekin lehen aldiz antolatu duen tailer horretan liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu eta marraztu daitekeen landu du. Ilustratzailez eta idazlez osatutako zortzi bikotek parte hartu dute tailerrean, curriculumak bidali eta hautaketaren ondoren parte hartu dutenak. Zufiaurre eta Insausti bikote moduan aurkeztu ziren. Baina beste bi sakandarrak bakarka eta irakasleek jarri diete idazle bana. Maizaren kasuan Cristina Etxaberekin aritu da eta Garciarenean Jon Martinekin.

Tailerraren xede nagusia haurrendako euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea zen. Horretarako, irakasleek teoria eman, ariketak jarri eta horietan gidatu dituztela azaldu digu Insaustik. “Autore eta lan pila ezagutu ditugu”, esan digu Insaustik. Antolatzaileek tailerrarekin bikote bakoitzak haurrendako album ilustratu baten proiektua abiatzea lortu nahi zuten. Horregatik, bikoteek hasierako ideia pentsatuta eramatea eskatu zieten. Euren lana bukatzean Etxepare album lehiaketara aurkeztera animatu dituztela azaldu digu Insaustik. Auto-edizioa izan daiteke beste aukera bat.