Plan Estrategikoko aurtengo lehentasunezko erronkak zehaztuta

Guaixe 2017ko mar. 31a, 08:29

Gainontzeko eragileen modura Bidelagun turismo elkarteko Alfonso Nuinek euren joan den urteko jarduna errepasatu zuen.

Sakanako Sozioekonomia Behatokiak, besteak beste, langileen trebakuntza, argindar horniduraren hobekuntza, turismo sektorearen profesionalizazioa, tokiko jakien sustapena eta Sakana marka indartzea bulkatuko dute.

Sakanako Plan Estrategikoaren (SPE) martxa zein den eta egokitzapenak egin behar diren aztertu zuten joan den ostegunean. Hausnarketarako eta ebaluaziorako tartea izan zen. Horretarako elkartu ziren Sakanako Sozioekonomia Behatokia (SBB) osatzen duten erakundeetako ordezkariak: udal eta mankomunitateetako ordezkariak, alderdiak, sindikatuak, enpresak, gizarte zerbitzuak, Nafar Lan sare eta beste eragileak ere. Guztien artean SPEren joan den urteko ekintzak eta lan ildoak aztertu eta egokitu behar izanez gero, horren proposamena egin zuten.

Ainara Aiestaran, Sakanako Mankomunitateko lehendakariordeak, parte-hartzaileei ongietorria egiterakoa “oso positiboki” baloratu zuen eragile guztiek orain arte egindako lana. “Lanpostu iraunkorrak sustatzeko baldintzak sortzeko elkarlana nahitaezko tresna” dela aldarrikatu zuen. Horren ondoren, SPE aurrera ateratzeko hainbat eragilek, txandaka, joan den urtean zein lan egin zituzten errepasatu zuten. Sakanako Garapen Agentzia, Cederna-Garalur, Sakanako Enpresarien Elkartea, Sakanako Dendarien Elkartea, Bidelagun turismo elkartea, Belardi ekoizleen elkartea, Lanbide Heziketako institutua eta Nafar Lansare.

Guztiek ere joan den urtean egindako lanaren balorazio “ona” egin zuten eta hasitako lan ildoei segida ematea proposatu zuten. Talde dinamiken bidez balorazioan sakondu eta etorkizuneko lehentasunezko erronkak identifikatu zituzten. Baina bestelako beharrak ere identifikatu zituzten: eragileen arteko eta sektoreen arteko koordinazioan sakontzea ikuspegi zabalagoak osatu eta sinergiak errazteko, bai eta aurrerabiderako prestakuntzaren garrantzia ere.



Lehentasunezko erronkak
Industria
· Enpresa berriak eta giza kapitala erakarri.
· Ibarreko beharrei egokitutako prestakuntza eskaintza sustatu: enpresa, udal, zerbitzu…Mekanizatuan prestakuntza duala sustatu.
· Langileen kualifikazioa. Etorkizuneko egoera berritara moldatzeko, bizitzan zeharreko ikasketa jarraituaren garrantzia zabaldu.

Energia
· Industria-enpresen argindar hornidura hobetu.

Turismoa
· Baliabide turistikoen mapa eta sektorearen profesionalizazioa.

Elikadura
· Tokiko produktua kontuan izango duen jangelen inguruko lanketa sustatu.
· Laborari gazteen sortzea sustatzeko lurrera irisgarritasuna erraztu.

Orokorra
· Sakana markari indarra eman.
· Inguruko eskualdeekin komunikazioa eta harremana sakondu, duguna ezagutzera eman eta Sakana marka ezagutzera eman.