1. Sakanako fisioterapeuta ezagunena izanen zara?
Urte asko hemen lanean; gaixo asko eta senide asko. Horren ondorioz jende asko ezagutzen dut eta askok ezagutzen naute. Baina Sakanan fisio pila bat daude, oso ezagunak izanen direnak eta ni, beste bat.
2. Nolaz fisioterapeuta ikasketak?
Zientzia eta ariketa fisikoaren arloak gustatzen zitzaizkidan. Fisioterapia bazegoela banekien; benetan zer den ez dakizu ikasten hasten zaren arte. Erizaintza ikasi? Ba ez. Medikuntza? Ba ez. Fisioterapia? Zer den hori galdetu, gustatzen zaizu esaten dizutena eta horrekin, azkenean, Zaragozara joan nintzen ikastera.
3. Zein da zuen helburua?
Pertsonen ahalik eta gaitasun fisiko hoberenak lortzea. Dituzten gaitzei erantzuna ematea, ahalik eta osasun hoberena izan dezaten.
4. Eta klinikako zure lanean?
Klinikara etortzen diren pertsonetatik ahalik eta gehiena lortzea da helburu nagusia. Guztiok gure mugak ditugu. Ni ez naiz inoiz olinpiadetara joanen. Pertsona horiek, bakoitza mundu bat da. Euren gaixotasunak, euren operazioak dituzte. Orduan helburua da pertsona horietatik, fisioaren aldetik, gaitasun fisiko hoberenak lortzea. Batzuen muga izanen da zutik mantentzea, beste batzuk ibiltzea, bakarrik janztea… lor dezakegu. Batez ere, bai egoera artikularra, bai muskularra ahal diren hoberenak izatea da. Horren ondorioz, hori guztia baturik bere gorputza noraino iristen den. Autonomia helburu izanik. Oso garrantzitsua da pertsona bat bere kabuz jaikitzea, ibiltzea, janztea… Gauza handia da. Pertsona bat gurpildun aulkian eserita dagoenean eta zutik jartzeko gai ere ez denean, autonomia hori lortzen badugu, gauza handia da.
5. Bere autoestimuarendako, baita familiarendako ere.
Noski. Familiak bere aita-ama ongi egotea nahi duelako. Osasuntsu eta zoriontsu izatea, batez ere. Eserita, ibili gabe dagoen pertsona bat zoriontsu izatea oso zaila da. Orduan, lortzen den guztia handia da bai beraiendako, baita senitarteko guztiendako.
6. Klinikak hiru espazio ditu: eguneko zentroa, ospitalea eta kanpo kontsultak. Adindua dagoen tokiaren arabera gauza bat edo beste tratatuko duzu, ez?
Adibidez, ospitalean ingresatzen diren pertsonak fisikoki euren gaitasuna galdu dute, baina ospitaleratzearen arrazoia beste bat da. Agian, gauez ez duela lorik egiten, portaera arazoak, buila asko egiten dutela… Ospitalekoak desorekatuta dauden gaixoak dira eta medikazioa jarri behar zaie… Izugarrizko talde lan bat da. Fisioterapiaren aldetik, helburua berdina da, baina talde lan handiago bat eginez: pertsona hori etxera edo egoitza batera doanean ahalik eta gaitasun fisiko hoberenean joatea.
7. Eta ospitalean dagoen jende horrekin, gelan bertan lan egiten duzu?
Ez, ez. Batez ere gimnasioan. Guatzean baldin badaude, guatzean egiten zaie. Baina guztiei gustatzen zait gimnasiora ekarri, ohatilan etzan, gimnasioan bertan ariketak egin eta hala emaitzak askoz hobeak dira.
8. Hori ospitalekoekin. Besteekin?
Eguneko zentrora heldu direnak ezagutzen ditugun gaixoak dira, egunero etortzen direnak. Egonkortuago daude. Orduan, luzeragoko helburuak dira. Agian denbora luzez egon behar dute, helburuak berdinak dira, baina askoz ere hobe ezagutzen duzu, orekatuago daude eta egunero beraiekin denbora luzez lan egiteko aukera ematen digute. Ospitaleko eta eguneko zentrokoak, adibidez, lauzpabost pertsona egon daitezke batera gimnasioan.
Azken arloa errehabilitazio anbulatorioa litzateke. Kasu horietan pertsona horiei denbora gehiago eskaintzen zaie. Ordu baterako etortzen dira eta ordu guztia beraiei eskaintzen diet. Beste lan mota bat da, espezifikoa. Etortzeko arrazoiaren arabera helburu batzuk ditugu eta gure lana da horiek lortzea.
9. Azken horiei etxeko lanik bidaltzen diezu?
Bai. Lan garrantzitsuena hemengoa da. Baina, esaterako, astean hirutan etortzen bada, hiru ordu astean. Baina egunak 24 ordu dauzka eta asteak zazpi egun. Orduan, beharrezkoa da hemen egiten den lanari jarraipena ematea. Horretarako, etxeko lanak. Horretan familiaren laguntza beharrezkoa da. Haiekin talde lana izaten da.
10. Gimnasioan nola lan egiten duzu?
Lan gehiena ohatilan egiten dugu: artikulazio-mugikortasuna, oreka, indarra. Paralelo simetrikoak, horma-barrak, poleak ditugu. Dugun beste materiala da: pisuak, indartzeko; zinta elastikoak; gomak… ez da material garestia, baina beharrezkoa da. Horrekin moldatzen gara. Duela urte bete dugu hanka-prentsa. Onddo lasterketako parte-hartzaileek eta pilotariek emandako diruarekin erosi genuen. Guretako makina izarra da. Hor muskuluak indartzeko lan oso ona egin dezakete. Gustura gaude, bai.
11. Hankak. Zutik egoteko, altxatzeko…
Bai. Helburua da ahalik eta muskulu indar handiena izatea. Kasu honetan, hanketan indar handia lortzen badugu errazago zutituko da, errazago ibiliko da eta hori guztia.
12. Gimnasioa bakarrik edo laguntzaileekin aritzen zara?
Ni moldatzen naiz. Ikusi zer lan daukadan, gaixoen egoera eta helburuak, eta nik nire lana antolatzen dut. Batzuekin egunero 10 minutu egon naiteke. Beste batzuekin ordu erdi ariketak banatuz… Azkenean daukazun denborari errendimendu handiena ateratzen ikasten da. Pazienteak ekarri-eraman, dena ni bakarrik. Ongi.
13. Talde lana esan duzu. Familia aipatu duzu. Baina klinikako gainontzeko profesionalekin ere?
Bai, bai. Beharrezkoa da. Kasu honetan, adinduekin fisioterapeuta bat bakarrik, gauza handia egiten du, baina bera bakarrik ezin dezake egin. Adibidez, geriatra baten laguntza beharrezkoa da. Pertsona batek gauez lo egiten ez badu, gero ibiltzea zaila da. Pertsona arnas-aparatuko infekzioa badauka, tratamendua jarri behar da.
Mila gauza daude. Pertsona orekatu behar da. Pertsona da 1000 piezatako puzzle bat bezala. Beharrezkoa da pieza horiek guztiak bere tokian egotea pertsona horrek behar bezala funtzionatzeko. Horretarako medikuak ere behar dira. Guk lan fisikoa, indartze hori egiten dugu. Baina, horregatik, medikuak, erizainak, laguntzaileak, denak beharrezkoak eta garrantzitsuak dira. Horregatik, talde lana behar da.
14. Nola iritsi zinen Altsasura?
Lan eskaintza jarri zuten. Aurkeztu nintzen eta hartu ninduten. Ni Altsasura apenas etortzen nintzen. Izatez ordiziarra naiz. Portuarekin eta horrela, urrutiago dagoela ematen du. Dagoeneko 20 urte, erdi naparra jada.