Nafarroako Herri Kirol Federazioak hainbat entitateren laguntzarekin antolatutako XXX. Nafarroako Herri Kirol Jokoen irabazleak nortzuk diren igandean erabakiko da, Etxarri Aranatzen. Txapelketako bosgarren jardunaldia, final handia, goizeko 11:00etan hasiko da, Etxarriko Andra Mari ikastola berriko pistan. Eguraldi txarra badago, Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuak hartuko du finala.
Nafarroako Herri Kirol Jokoak martxoaren 5ean hasi ziren, Ororbian. Urtero, geroz eta talde gehiagok parte hartzen dute herri kirol txapelketa honetan. Sakanatik, Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletatik sortutako taldeak dira lehiatzen direnak. Aurten, bi ikastoletatik 15 talde lehiatu dira, 10 talde kimuen mailan, 4 haurren mailan eta bakarra kadeteen mailan. Hauei Baztan, Araitz Betelu, Igantzi, Betelu, Ibero, Antsoain eta Berriozar herrietako taldeak gehitu behar zaizkie.
Ororbiaren ondotik Beteluk, Altsasuk eta Berriozarrek hartu zituzten txapelketako jardunaldiak, eta final handia igandean izango da, Etxarri Aranatzen. Sakanako taldeek lan bikaina egin dute. Jokatuko diren final guztietan Sakanako ordezkaritza izanen da. Andra Mari ikastolako taldeak final guztietan ariko dira eta Iñigo Aritzakoak jokatuko diren 5 finaletatik hirutan. Zorterik onena opa diegu guztiei.
Nafarroako Herri Kirol Jokoen finalak
Proba konbinatua, kimuak: Andra Mari 1, Iñigo Aritza 2, Igantzi B eta Andra Mari 4
Proba konbinatua, haurrak: Araxes, Iñigo Aritza, Basaburua eta Andra Mari 2
Proba konbinatua, kadeteak: Basaburua, Araberi eta Andra Mari 1
Sokatira, haurrak: Andra Mari 3, Basaburua, Iñigo Aritza eta Andra Mari 2
Sokatira, kadeteak: Basaburua, Andra Mari 1 eta Araberri