Altsasuko Mendigoizaleak taldeak, hainbat entitate eta babesleren laguntzarekin, X. Hiru Mendi Zerrak mendi ibilbidea antolatu du bihar, apirilaren 1ean, larunbatarekin. Goizeko 7:00etan abiatuko dira dagoeneko proba ez lehiakor honetan izena eman duten mendizaleak, Altsasuko Gure Etxeatik. Urbasa-Andia, Altzania eta Aralar mendizerretatik pasatuko dira mendizaleak, paraje zoragarrietatik barna. Altsasukoa Nafarroako Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien I. Txapelketarako baliagarria da eta Euskal Herriko Ibilbide Luzeen Zirkutuan sartuta dago.
Luzea, laburra eta alternatiboa
Bi ibilbideren artean hautatu ahal izango dute mendizaleek: Hiru Mendi Zerrak, ohiko ibilbidea (48 km, 2.700 m desnibel metatua) edo ibilbide laburra (26 km, 1.200 m desnibel metatua). Ibilbide laburrak gutxi gorabehera 7-8 orduko lana eskatzen du eta martxa handiaren estimazioa 11 ordutik gorakoa da.
Bi ibilbideak Altsasuko Gure Etxean hasiko dira, 7:00etan. Mendizale guztiek Urdiainera joko dute lehenik. Urdiaindik Urbasa-Andiara igoko dira, Portuazpitik, eta aipatu parke naturala zeharkatuko dute, Bargagaingo gurutzera helduz. Portutik barna, Gainsolera helduta, bertatik Ziordia herriraino jaitsiko dira. Ibilbide motza aukeratzen dutenak partzelarietatik barna eta Cementos fabrikako atzealdetik Altsasura ailegatuko dira, eta, aldiz, ibilbide luzea hautatzen dutenak Kipular igoko dute, gero Orobeko antzinako harrobitik jaisteko. Ondoren, Sorozarreta jaitsi eta segidan Balankaleku eta Intxusburu igoko dituzte. Handik jaitsiko dira, Sarabetik, eta San Pedrotik eta Basoitxitik barna Altsasuko Gure Etxera helduko dira.
Baina Altsasuko Mendigoizaleak taldeko Fernando Bengoetxeak adierazi duenez, badaude, behin Sorozarretara iritsi ondoren, ibilbide luzearekin jarraitu nahi ez duten mendizaleak, Ibarreatik barna Altsasura itzultzen direnak. Mendizale horiei begira, ibilbide alternatibo bat prestatu du antolakuntzak, Ibarreatik beharrean Dorretxikitik bueltatxoa eman eta Altsasura iristen dena.
5 hornidura eta kontrol gune
Ibilbidean barna 5 hornidura eta kontrol gune egongo dira: Urbasan, Ziordian, Sorozarretan, Saraben eta Gure Etxean. Zer jan eta zer edan ez da faltako; famatuak dira eskaintzen diren hamaiketakoak. Bestalde, ibilbidea markatzeko lanak errespetatzeko deia egin dute antolatzaileek.
450 mendizale
Aurreko urtean 521 mendizalek hartu zuten parte Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutako proba ez lehiakorrean, eguraldia lagun zutela. Aurten, mendi ibilbide eder honetan parte hartzeko aurretiko izena ematea ostegunean itxi zen. Antolakuntzatik adierazi digutenez, 450 mendizale daude izena emanda.