Larunbatean jokatu zen XI. Opakuako Igoera, Euskal Herriko mendi igoeren lehen proba. Sakana Motorsport taldeko Iñigo Zelaia, Mikel Mendinueta eta Iban Lopez de Goikoetxea pilotuak lehiatu ziren. Eguraldia nahasia zen, tarteka euria, eta proba ere nahasi xamarra suertatu zen. Izan ere, lehen manga ofizialean helmuga aurreratu egin zuten 200 bat metro, eta bigarren manga bertan behera uztea erabaki zuen antolakuntzak, mendian sutea izan zelako. 39 auto sailkatu ziren eta 13 erretiratu egin ziren.
Pilotu azkarrena Aitor Zabaleta (Lola BMW) izan zen (2:09), Arkaitz Ordoki (BRC B-49, 2:18) eta Joseba Iraolaren (Demoncar R34, 2:19) aurretik. Iban Lopez de Goikoetxea olaztiarra (Renault 5 GT Turbo) 14.a sailkatu zen (2:39), Mikel Mendinueta arbizuarra (Peugeot 205 Gti) 25.a, (2:50) eta Iñigo Zelaia (BMW 325i) 31.a (2:55).