Iñigo Aritza eta Andra Mari, biak txapeldun

Maider Betelu Ganboa 2017ko api. 4a, 11:40

XXX.Nafarroako Herri Kirol Jokoetako finaletan, kimuen proba konbinatuan Iñigo Aritza 2 taldeak irabazi zuen, haurren proba konbinatuan Andra Mari 2 taldeak eta haurren sokatira txapelketan Iñigo Aritzak

Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan jokatu ziren, igandean, XXX. Nafarroako Herri Kirol Jokoetako finalak. Sakanak ordezkaritza izan zuen final guztietan, eta primerako emaitza lortu zuten Iñigo Aritza eta Andra Mari ikastoletako taldeak. Neska-mutikoek dena eman zuten eta emozio handiko finalak izan ziren.

Lehia oso estuan, kimuen mailako herri kirol proba konbinatuko irabazlea Iñigo Aritza 2 izan zen, Andra Mari 4 taldeari 7 segundo eskas aterata. Haurren mailako proba konbinatuan, aldiz, Andra Mari 2 taldekoak gailendu ziren (9:08), Basaburuari 19 segundo aterata. Iñigo Aritza laugarrena sailkatu zen. Eta kadeteen mailako proba konbinatuan Araberri taldea nagusitu zen (10:46). Andra Mari 1 taldea hirugarrena sailkatu zen.

Sokatiran, berdinketa hausteko tiraldiak
Sokatiran haurren mailako finala luzatu egin zen, lehen postua erabakitzeko berdinketa hausteko tiraldia jokatu behar izan baitzuten Iñigo Aritza eta Andra Mari 2 taldeek. Altsasuko ikastolakoak izan ziren txapeldunak. Hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko ere berdinketa hausteko tiraldia jokatu zuten Andra Mari 3 eta Basaburua taldeek. Etxarriko ikastolakoek lortu zuten hirugarrenak sailkatzea. Bukatzeko, kadete mailako sokatira finalean Basaburua izan zen txapelduna, Andra Mari 1 taldearen aurretik.

Saridunek dominak jaso zituzten Etxarri Aranazko pilotari Aitor Zubietaren eskutik. Beste behin, Nafarroako herri kiroletan Sakanak maila itzela duela argi geratu zen. Sakanako ikastolek herri kirolak sustatzeko lan handia egiten dute eta aipatu txapelketan ikusten dira egindako lanaren emaitzak.

XXX. Nafarroako Herri Kirol Jokoetako finalak
-Konbinatua, kimuak:
1.Iñigo Aritza 2 (6:44)
2.Andra Mari 4 (6:51)
3.Andra Mari 1 (6:57)
4.Igantzi B (7:09)

-Konbinatua, haurrak:
1.Andra Mari 2 (9:08)
2.Basaburua (9:27)
3.Araxes (9:34)
4.Iñigo Aritza (10:27)

-Konbinatua, kadeteak:
1.Araberri (10:46)
2.Basaburua (11:23)
3.Andra Mari 1 (12:04)

-Sokatira, haurrak (480 k):
1.Iñigo Aritza
2.Andra Mari 2
3.Andra Mari 3
4.Basaburua

-Sokatira, kadeteak (540 kg)
1.Basaburua
2.Andra Mari 1
3.Araberri