Sakanako Mankomunitateak prest du udarako futbol eskaintza. Aurreko edizioek izandako arrakasta ikusita, aurten ere futbol campusean parte hartzeko aukera izango dute neska-mutikoek. Futbol campusa antolatzeko Ataboren laguntza izan du Mank-ek.
Altsasuko Dantzaleku zelaian burutuko da 2017ko udako futbol campusa. Bi txanda antolatu dituzte. Garilaren 17tik 22ra 2005ean, 2006an eta 2007an jaiotako neska-mutikoak trebatuko dira eta garilaren 24tik 29ra, aldiz, 2002an, 2003an eta 2004an jaiotakoak.
Goizeko 9:30etik 14:00ak bitartean ariko dira futbolaren nondik norakoetan sakontzen. Iokin Lobo eta Aitor Lara izango dira monitoreak, eta futbolaren teoria eta praktika uztartuko dituzte, kategoria bakoitzean dagozkion gaiak aztertuz. Ingurunean ere irteerak egingo dira eta igerilekuetan ere bainua hartzeko aukera egongo da. Azken urteetan bezala, egun batean Donostiara irteera egingo dute, Anoeta futbol zelaira. Hizkuntzari dagokionez, campusa euskaraz izango da eta norbaitek ez badu ulertzen gaztelaniaz esango zaio.
Aste bakoitzean 30 parte-hartzailerendako tokia dago. Izena eman ahala tokiak betetzen joango dirala adierazi dute Mank-etik, eta tokia gordetzeko izena eman ondoren ordainketa agiria aurkeztu beharko da Mankomunitatean. Beharrezkoa balitz, itxaron zerrenda egingo dela azaldu dute antolatzaileek.
Izena ematea, zabalik
Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 464 866 telefonoa, kirolak@sakana-mank.eus posta elektronikoa). Prezioa: 45 euro (campusa eta Anoeta futbol zelaira irteera).