Errukiaren Andre Mariaren Ahizpen kongregazioak, Konpasio mojenak, 200 urte beteko ditu azaroaren 1ean. Efemeridea baliatuta mojen Altsasuko ikastetxean ikasi zuten ikasle ohien bilkura prestatu dute biharko. Ospakizunak 13:00etan elizan izanen den elizkizunarekin hasiko dira. Ondoren, Kaixo jatetxean laguntasun bazkaria izanen da.
Konpasio-mojek nobizio-etxea Ziordian zuten. Begoña Urkiagak gogoratzen duenez, “1951ko irailean hainbat ahizpa Altsasura joan ginen, adorez eta ilusioz”. Labadero edo garbitegia eraikinean Haur Eskola eta Lehen Hezkuntza eskaintzen hasi ziren. Altsasuko ikastetxeko aurreneko ama nagusia Arantzazu Agirre izan zen, eta aurreneko zuzendaria, berriz, Begoña Urkiaga. Irakasle taldean Veronica Rotaetxe, Natividad Mardones, Clara Zorrozua eta Magdalena Martin zeuden.
Klausura utzi eta Altsasuko ikastetxera batu zen Gloria ahizpa. “Hura eta Maria ahizpa (urte batzuk lehenago zendua) oso estimatuak ziren herrian. Bi ahizpek eragin handia izan zuten haien etxera era guztietako lanak eta musika ikastera joaten ziren gazteengan” gogoratu du Urkiagak. “Gu iristean, Gloria ahizpak solfeo eta piano klaseak ematen zituen ikastetxean. Beste gai batzuk ere irakasten zituen: sukaldaritza, kontabilitatea, takigrafia, mekanografia eta etxeko lanak”.
Ikastetxe berria
Urkiagak azaldu duenez, garbitokiaren eraikina “ez zen klaseak emateko egokia, ez baitzen batere funtzionala. Neguan egoera okerragoa zen, zerrauts-berogailuek sortzen zuten hauts eta keagatik”. Gogoan du gela txiki batean aldarea jarri zutela, “sagrario batekin, eta Jesusengana joaten ginenean, haur eskolatik aulkiak hartzen genituen, ondoan baitzegoen”. Iritsi eta hilabete batzuetara garbitokian garbitzeko erabiltzen ziren harriak kendu eta areto hartan agertoki bat jarri zuten. “Ekitaldi areto, gimnasio eta atsedenleku bihurtu zen hura. Atsedenaldiak txandaka egiten ziren, atarian, nahikoa handia baitzen” gogoratu da ahizpa. Kapera areto handiago batera aldatu zuten gero eta han Errukiaren Andre Mariaren irudi erosi berria eta eserlekuak jarri zituzten. “Igandero irakasleak eta ikasleak parrokiara mezara joaten ginen” gaineratu du.
Mojen ikastetxea garbitoki erakinean 1964-65 ikasturtera arte han izan zen. Ikasturte berrian, 1965-66an, Intxostiako zabalgunera aldatu ziren, egun musika eskola, gazte gunea (gelak) eta jubilatu elkartea (kapera) hartzen dituen eraikinera. Ikastetxeak barnetegia ere bazuen. 500 ikasle izatera iritsi ziren, eta herrietako batzuk barneko ikasle ziren; 1999an ikastetxea itxi zen. Orduan ikasleak eta irakasleak Sagrado Corazon ikastetxera pasa ziren, herrira eta eskualdera zabalik dagoen ikastetxe bihurtuz. Baina hori egin ahal izateko tramiteak bi urte iraun zuten, 1996tik 1998ra. Udalak truke baten bidez 2001ean eskuratu zuen eraikina.
Argazki erakusketa
Gaur, 17:00etatik 19:00etara, eta bihar, 11:00etatik 13:00etara, Altsasuko Gure Etxea eraikinean. 170 bat argazki daude ikusgai.
Elkartasuna
Errukiaren Andre Mariaren Ahizpen kongregazioko moja da Asuncion Mendoza ziordiarra eta 40 urte daramatza Perun. Hari laguntza bidaltzeko kanpaina martxan du Ayuda Contenedores gobernuz kanpoko erakundeak eta hura babesteko asmoa dute biharko hitzorduan elkartuko diren askok.