Ordu aldaketarekin batera argi ordu gehiago daude arratsaldeetan. Gainera, bertan dira Aste Santuarekin batera hartze diren jai egunak. Aukera aparta izan daiteke Sakana bertako ondarea ezagutzeko. Eta plana(k) egiteko laguntza aparta izan daiteke Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletako ikasleek egindako Sakana QRtuz lana. Haren bidez ibarreko arkitektura elementu esanguratsuenei buruzko informazioa jarri eta QR kodeen bidez denendako eskuragarri jarri baitute.
Sakanako bi ikastoletako DBH 2 mailako ikasleek egin dute QR lanketa. Inguruan dituzten dozena bat elementu arkitektoniko esanguratsu aukeratu eta haien deskribapen testuak eta audioak ekoiztu dituzte. Informazio hori euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eman dituzte. Sortutako material guztia Nafarroako Ikastolen Elkarteko webgune batean dago eskuragarri. Aldi berean, elementu arkitektoniko bakoitzarendako QR kode bat sortu dute, haren ondoan jarri dutena. Hala, elementu horiek bisitatzen dituztenek QR kodea telefono mugikor bidez irakurri eta zuzenean ikasleek sortutako informazioa jasoko dute.
Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletatik azaldu digutenez, “oso esperientzia aberasgarri eta polita izan da. Halako proiektuen bidez, Sakanako historia ezagutzeaz aparte, soluzio errealak proposatuz ikaslearen ekintzailetasuna eta motibazioa bultzatzen baitira”. Ikastoletako ordezkariek gaineratu dutenez, egindako lana “hasiera besterik ez da. Etorkizunean elementu arkitektoniko gehiago QRtzea edota webean eginiko lanak aberasteko aukerak ez ditugu baztertu”. Ikastola bakoitzak bere esku-orriak argitaratu ditu.
Sakanako ikasleekin batera Nafarroako beste 12 ikastoletako 492 ikaslek parte hartu dute Gure Ondarea QRtuz proiektuan. Guztiek ere dagokien udalarekin, Kultura Departamentuarekin edota Artzapezpikuarekin harremanetan jarri behar izan dute QRak jartzeko. Bakoitzak bere inguruko elementu esanguratsuenak aipatuz, Nafarroako ondarea “lau haizetara” zabaldu dute.
QRak elementu arkitektoniko esanguratsuetan
Ikastoletako ikasleek honako eraikinetan jarri dituzte QR kodeak: Aralarko santutegia, Zamartzeko monasterioa, Lakuntzako pikota, Arbizuko dorrea, Etxarri Aranazko Kontzepzio ermita, Iturmendiko jauregia, Urdiaingo Bernoako galtzada, Urdiaingo iturria, Altsasuko San Pedro ermita, Altsasuko intxaurrondoa, Olatzagutia eta Ziordiko mugako Batueko iturria eta Ziordiko gaztelua.