Nafarroako Gobernuak Sodenaren bidez Elkargi, Sonagar eta Oinarri Elkar Bermatzeko Sozietateekin (EBS) akordioa sinatu zuen joan zen urteko apirilean. Arriskuaren zati bat berrabalatzen dute EBSek, horrela enpresa txiki eta ertainen, enpresen eta autonomoen banku edo kutxetarako finantziazioa errazteko. 250 langile arteko enpresei zuzenduta dago berrabalatze hori, beti ere milioi bat euro artekoak eta honako arlotara bideratuak: inbertsio proiektu berriak, hazkundea, nazioartekotze proiektuak edo sendotzea.
Horren ondorioz, 188 operazio itxi ziren eta horrek 43 milioi euroko inbertsioa ekarri zuen. Izan ere, Sodenaren eta EBSen arteko akordioak inbertsioetarako eta zirkulatzailerako finantza baldintza hobetzen dituzte. Hala banku edo kutxen bidez enpresek 29 milioi euroko finantzazioa lortu dute. Emandako maileguak, gainera, ez dute Ondare Transmisio Zergarik edo Dokumentatutako Epaitegi Aktoak pagatu beharrik. Nafarroako 136 enpresa izan ziren akordioaren onuradunak, haietatik Sakanako sei, guztien artean 111 langile dituztenak.
Elkar Bermatzeko Sozietateak
Espainiako Bankuaren kontrola duten finantza erakundeak dira EBSak. Irabazi asmorik gabekoak, enpresariei banku edo kutxetatik finantziazioa lortzen eta hobetzea da euren egitekoa. Horretarako, enpresa proiektuei abalak ematen dizkiete (ordaintzen ez den kasuan bueltatzeko bermea). Hala, enpresek finantza erakundeekin baldintza hobeetan negoziatu dezakete. EBSen abalak normalean proiektuaren finantziazio osoaren %50 eta %70 artean finantzatzen dute.