Eskolen festaren lekukoa Lakuntzatik Etxarrira

Guaixe 2017ko api. 6a, 18:08

Egun beteko egitarauarekin ospatu zen Sakana herri eskolekin Sortzen ospakizuna Lakuntzan. Hazi eta hezi, euskaraz bizi leloa zuen ospakizunak. Izan ere, ibarreko eskolen festak hezkuntza publikoan euskaraz ari diren ikastetxeak ezagutzera eman eta, aldi berean, eskolen eta herriaren arteko lotura sendotu nahi du festak. Ekitaldian Sortzen-eko ibarreko koordinatzaile Gorka Zabalak esan zuenez, “azken urteetan Sakanan herri eskolak garatzen ari zareten elkarlan eredu hau eredugarria da, erabat, kide guztiendako. Beraz, Sakanako herri eskola guztiak zoriondu nahi zaituztegu. Eta bide berean jarrai dezazuen animatu. Sortzen elkarteko kide guztiak zuekin batera egonen gara”.

Eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu, baina Sakanako Herri Eskolen Sortzen festa arrakastatsua izan zen. Lakuntzako plazan karpa bat jarri zuten eta bertan burutu ziren festako ekitaldi nagusiak. Sakanako eskola bakoitzak bere eskulan tailerra prestatu zuen, eta, horretaz gain, ikuskizunak bata bestearen atzetik etorri ziren. Heldu den urteko festa antolatzeko arduraren lekukoa lakuntzarrek etxarriarrei pasa zieten. Lip-dub jendetsua dantzatu zuten eta, birziklapen tailerrean egindako danborrekin danborrada egin zuten bildutako guraso eta neska-mutilek. Bazkaltzera 465 pertsona elkartu ziren. Arratsaldean eskoletako neska-mutikoen koreografiekin gozatzeko ordua iritsi zen. Bukatzeko, Xaiborrek euriaren gainetik dantzan jarri zituen bildutako guztiak.