Ingurumen Ministerioaren Ingurumen Ebaluazio Zuzendaritzaren baieztapena dute Autopista Elektrikorik Ez! plataformako kideek: Deikaztelu-Itsaso goi tentsioko linearen proiektua ofizialki bertan behera gelditu da. Alegazioak onartu dituzte. Horrek proiektuan aldaketa nabarmenak eta haren tramitazioaren etena ekarriko lituzkeenez, proiektua bertan behera utzi dute.
Plataformako kideek diotenez, “arrazoi ofizialek guk 2011tik defendatu ditugun arrazoiak estaltzen saiatu arren, berretsi egin dituzte. Gainera, proiektuak erantzun handia sortu du”. Aurkeztutako 14.000 alegazioak, egindako herri galdeketak eta 100 udaletik gora onartutako mozioak gogorarazi dituzte. “Sei urteotan egindako lanak proiektuaren baztertzea lortzeaz aparte, azpiegitura horren atzean dauden benetako interesak agerian utzi ditu, haien defendatzaileen justifikazio tristeak nabarmen geratuz. Orain nola esanen dute balizko trazatu berri batek inpaktu gutxiago izanen duela, aurreko biekin gauza bera esan zutenean?”
Goi tentsioko linearen kontrakoek gaztigatu dutenez, argindar sektorearen 2015-2020 planifikazioa Red Eléctrica Española enpresarendako loteslea da. “Beraz proiektu berri bat egin beharko du eta Energia Ministerioak hasieratik tramitazio berria egin beharko luke”. Nafarroako Gobernuak linearen inguruan bi urtez isilik egon dela salatu dute, “bere isiltasunak egintza burutuen eszenariora garamatza”. Legegintzaldi honetan 32 udalek linearen kontrako mozioa onartu eta hartan gobernuari proiektuaren aurka agertzeko eskatu diotela gogorarazi dute. Aurreratu zutenez, hainbat proposamen zehatz lantzen ari dira eta lineak ukitutako herrietan aztergai izanen dira. Gobernuei, bestalde, “pasa ezin diren marra gorriak” daudela jakinaraziko diete.