Korrika, herriz herri ibiliko gara!

Guaixe 2017ko api. 7a, 14:40

Bihar, 22:06an, Korrika Sakanara sartzean euskararen aldeko errelebo lasterketari 166 km faltako zaizkio bukatzeko. 14 ordu eta erdiko bizia izanen du 20. Korrikak. Eta haietako bost Sakanan emanen ditu, ibarra mendebaldetik ekialdera zeharkatuz. Sakanan eginen duen ibilbidean 75 lekuko aldaketa izanen dira. Lekukoa eramatearen eta haren ondoan lasterka egitearen zirrara eta hunkitzea zer den badakite astearte goizaldean Korrikan izan ziren irurtzundar, etxeberriar eta arakildarrek. Baita asteburuan Nafarroan eta Iparraldean Korrikan parte hartzera joan diren hainbat sakandarrek ere.

Bat, izan bat, egin bat. Bat eta batzuk gara, euskara bat, mundu bat. Hala dio aurtengo Korrikako kantuak bere leloan. Batzuk leloa doinu bidez Euskal Herri osoan barna zabaltzen ari da Korrika. Harekin AEK-k dei bat egiten digu: bat egitera, zuk egitera, euskaraz. Hizkuntza dakigunoi baita ez dakitenei ere. Izan ere, AEK-k “Euskal Herri euskalduna du helburu, askotariko mundua duelako amets. Hizkuntza eta hiztun guztiak berdintasunean biziko diren Euskal Herria eta mundua nahi ditu. Justizia-kontua da: hizkuntza gutxitu baten biziraupenerako babesa eta hiztunen eskubideen defentsa”. Horregatik, “beharrezkoa da euskara arretaz zaintzea. Gure nahia eta denon egitekoa da euskara aukera-berdintasunean bizitzea egunero eta eremu guztietan. Herritar guztiok bizi behar dugulako aukera-berdintasunean egunero eta plaza guztietan”.