Lagun Artea bosgarrena eta Etxarri zortzigarrena

Guaixe 2017ko api. 10a, 09:41
Etxarrik ezin izan zuen Amigó menpean hartu izan.

Preferente maila. 26. jardunaldia: Lagun Artea 3 – Aibares 3 / Etxarri Aranatz 1 – Amigó 3

Asteburuan preferente mailako 26. jardunaldia jokatu da. Gure taldeendako erdipurdikoa izan da, Lagun Arteak hiruna berdindu baitzuen Aibaresekin eta Etxarri Aranatzi 1 eta 3 irabazi baitzion Amigók.

Lakuntzako Zelai Berrin jokatutako partida gaizki hasi zen lakuntzarrendako, arbitroak bigarren minutuan Laguneko Domingez atezaina aldageletara bidali baitzuen, baina 10. minutuan Ollok Lagun Artea aurreratu zuen, penaltiz. Jokalari bat gutxiagorekin zeuden lakuntzarrak, baina lehen zatia dominatu zuten, eta atsedenaldira joan baino lehen bigarrena sartu zuen Odonek.
Bigarren zatian Aibares partidari buelta ematera atera zen. Etengabe eraso zuten, eta jokalari bat gutxiagorekin aritzearen nekea atzematen hasi zitzaien lakuntzarrei, ahal bezala defendatzen baitzuten. Bina berdindu zuen Aibaresek, eta nahiz eta Enekok 80. minutuan Lagunen aldeko hirugarrena sartu, 91. minutuan, partida bukatzear zela, hiruna berdindu zuen Aibaresek.

Etxarri Aranatzi, aldiz, 1 eta 3 irabazi zion Amigó taldeak. San Donaton jokatutako partida oso lehiatua izan zen. Etxarri behin eta berriz saiatu zen lehen zatian, baina jokaldiek ez zuten bukaera onik. Aldiz, Amigók izan zituen aukera eskasak baliatu zituen markagailuan aurreratzeko. Horrela, atsedenaldira, bi goleko errentarekin joan ziren Amigó taldekoak. Bigarren zatian partidari buelta emateko asmoarekin atera ziren zelaira Etxarrikoak. Jurgik gola sartu eta markagailuan gerturatu ziren etxekoak. Etxarrik erasoan jarraitu zuen eta, aldiz, atzean, kontraerasoen zain geratu ziren Amigó taldekoak. Horietako batean hirugarren gola sartu zuten eta Etxarrik 1 eta 3 galduta despeditu zen partida.

Hurrengo jardunaldia, Aste Santuaren ondoren
Sailkapen orokorrean Bidezarrak lider sendo izaten jarraitzen du (61 puntu). Bigarrena Beti Casedano da (49 puntu) eta hirugarrena Doneztebe (40 puntu). Berdindu eta gero Lagun Artea laugarren postutik bosgarren postura jaitsi da (38 puntu) eta Etxarri egun zortzigarrena da sailkapenean (36 puntu). Bi jardunaldi geratzen dira liga despeditzeko eta hirugarren postuan, promozio postuan sailkatzeko aukera badute oraindik Lagun Arteak eta Etxarrik.
Aste Santuko atsedenaldiaren ondoren, hurrengo jardunaldia apirilaren 22 eta 23ko asteburuan jokatuko da. 37 punturekin sailkapenean 6.a den Amigó taldearen kontra ariko da Lagun Artea, arerio zuzena. Aldiz, sailkapenean 12.a den Urroztarra izango du aurkari Etxarrik.