Mank-ek hastapeneko eskalada ikastaroa antolatu du

Guaixe 2017ko api. 12a, 11:53

Maiatzaren 19an, 20an eta 21ean izanen da

Sakanako Mankomunitateak hastapeneko eskalada ikastaroa antolatu du. Maiatzaren 19an, 20an eta 21ean izanen da eta teoria eta praktika uztartuko dira bertan.

Eskaladan eskarmentu handia duen Ion Gurutz Lazkoz Martinez eskalatzaile arbizuarra izanen da monitorea. Hastapeneko ikastaroa izanik, helburua haitzean eskalatzeko oinarrizko ezagupen eta teknikak lortzea izanen da. Horretarako, lehen egunean, ostiralean, 18:00etatik 20:00etara, klase teorikoa eskainiko du Mank-en egoitzan, Lakuntzan. Aldiz, larunbatean eta igandean praktikak egitera aterako dira, goizeko 10:00etatik 17:00etara. Mank-en jarriko dute hitzordua eta kotxeak antolatuko dira. Norberak eguneko bazkaria eraman beharko du.

14 urtetik gorakoek eman dezakete izena. Izena ematea zabalik dago, maiatzaren 12ra arte, Mank-en (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus). Materialari dagokionez, arnesa, katuak eta kaskoa eraman beharko dira. Norbaitek materiala ez badu, antolakuntzak utziko dio.