Andra Mari ikastolako DBHko 1. mailako ikasleak ekintzailetasuna bulkatzeko Europako programa esperimental batean parte hartu dute, YESict programa (Young Entrepreneurial Skills by ICT). Andra Mari ikastolarekin batera Antic (Lapurdi), Fh Joanneum Uni (Austria), Synthesis (Zipre), Nikosiako Unibertsitatea (Zipre) eta Vaeksthusthus Sjaelland (Danimarka) erakundeek parte hartu dute. Europako Batzordearen Erasmus + programak finantzatu du proiektua, 10 eta 15 urte arteko gazteen artean ekintzailetza sustatzea helburu duena.
Ikastolen Elkartearen lana, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoarekin eta FH Joanneum-ekin batera, ekintzailetasuna lantzeko unitate bat sortzea izan da. Sormena, kooperazioa, arazoen ebazpena eta norberaren buruarekiko konfiantza izatea landu nahi dira. Unitatean The Neighbourhood of My Dreams erronka landu da; hau da, nire ametsetako herria. Hura gauzatzeko, lehenik, ikasleen lantalde kooperatiboak sortu zituzten. Fase desberdinetan, ikasleek euren herrian dagoen arazoren bat edo falta den zerbait identifikatu dute, arazoa landu, irtenbidea pentsatu, marraztu eta maketa bat egin dute. Etxarri Aranazko ikastolan egindako gauza bera egin zuten Lapurdiko, Zipreko eta Danimarkako ikastetxe banatan.
Ikastolatik azaldu dutenez, proiektua “oso aberasgarria izan da. Ikaskuntza aktibo baten bidez, ikasleak oso motibaturik aritu dira lanean 3-4 egunetan zehar”. Sustatu nahi izan den ekintzaile jarreraren osagaiak ere zerrendatu dizkigute: sormena, motibazioa, norbere buruarengan konfiantza… Bestetik, ikastolen planteamendu pedagogikoaren hezurdura diren konpetentzia metadiziplinarrak lantzeko baliagarria izan dela ere adierazi dute: pentsatzen eta ikasten ikasi, egiten eta ekiten ikasi, elkarrekin bizitzen ikasi, komunikatzen ikasi, norbera izaten ikasi.
Aurkezpena
Europako proiektua zenez, ikasleek ingelesez lan egin zuten. Bloga sortu behar izan zuten, eta proiekturako lantresna ordenagailua, sareko datu biltegiak edota papera izan dituzte. Maketak egiterakoan haiek egoki jo zituzten materialak. Ikasleek YESict europar proiektuko emaitzak Etxarriko Kultur etxean euskaraz aurkeztu zituzten martxoaren 29an.
Bost proiektu aurkeztu zituzten: Etxarrirako kiroldegia; hondakinen birziklapena sustatzen duen eta, aldi berean, elbarrituendako egokituta dagoen zaborrontzia; Arbizun hutsik dagoen etxe baten aisialdirako erabilera; natur parkea Etxarrin egitea edo ibarrerako hondartza jartzea.