guaixe.eus

Sakanako Donejakue bidearen berreskurapena, bidean

  Gizartea  Sakana

Aurreproiektua egina dago eta hura garatzeko tramitazioa hasiko da orain.

Sakanako Donejakue bidearen berreskurapena, bidean
Zamartzen egindako indusketetan arkeologoek erromesen maskorrak opatu dituzte. | Ikusi handiago | Argazki originala

Sakanako Garapen Agentziaren (SGA) turismo teknikari Paki Urbitarteren aurtengo egitekoetako bat Donejakue bidearen inguruan lan egitea izanen da. SGAk Mirua enpresarekin elkarlanean aurreproiektua ondu zuten. Sakanako Donejakue bideak berezitasun bat izanen du, oinezkoendako eta bizikletendako izanen da. Bizikletendako Donejakue bide baten alde egiteko arrazoia aukera bat baliatzea da: Plazaola bide berdea Baiona, Donostia eta Iruñea lotuko dituen Ederbidea bizikletendako ibilbidearen zati izanen da. Aldi berean, Ederbidea Europa iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duen Eurovelo sarearen zati izanen da.

Irurtzun eta Lakuntza arteko bidearen zirriborroa.


Miruako Mikel Albisu egileak azaldu duenez, ibilbidearen proposamena egiterakoan kontuan izan dituzten parametroetako batzuk izan dira: herri guztietatik pasatzea, ibarrerako zerbitzu bide bat izatea eta jatorrizko bidea kontuan izatea. Baina Ederbideak edo Eurovelok markatzen dituzten parametroak ere badaude: bideak ezin du %6ko malda baino gehiago izan, toki jakinetan izan ezik; bi bizikleta gurutzatzeko adina zabalera izan behar du bideak; errepide bat aukeratuz gero ezin dira egunean mila ibilgailu baino gehiago pasa eta bizikleta hibrido batendako egokia izan behar du.

Lakuntza eta Ziordia arteko bidearen zirriborroa.

Gainera, Sakanako mugikortasun sare bat osatu beharra zegoen, beraz herri guztiak lotu behar ziren. Ibarreko baliabide nagusiak eta garraiobideak ere lotuta egon behar zuten. Azken horrekin bisitariari erraztasunak eman nahi baitzaizkio. Baldintza horiek eta gobernuak jarritako beste batzuk kontuan hartuta osatu egin da Donejakue bidearen ibilbide proposamena. Irurtzun eta Ziordia artekoa 45 km-ko ibilbidea da. %99an oinezkoen eta bizikleten ibilbideak bat egiten du, Egiarretako puntu batean izan ezik.

Baina herri guztietatik, garraiobide edo turismo-baliabideen ondotik pasatzen ez zenez haietara joateko bederatzi lotura aurreikusi dituzte, Donejakue bidearen inguruan beste 45 km gehiagoko sarea osatuz. Lotura horiek honakoak dira: Itxasperritik Errotzera, Itxasperritik Irurtzun eta Arakilgo herrietara, Arakil hegoaldetik, Aralarko monasteriora igoera, Uharte Arakilgo tren geltokia eta Arruazu, Arbizutik Ergoienako herrietara, Etxarriko tren geltokia eta kanpina, Altsasutik San Pedro zelaira, Olatzagutikoa.

Emma Bonthorne eta Fran Valle de Tarazaga Zamartzen hitzaldia ematen.

Erromatar galtzadaren oinarria
Fran Valle de Tarazaga arkeologoa Uharte Arakilgo Zamartze monasterioan hainbat urtetan arkeologia indusketak egina da. Han Donejakuera joaten ziren erromesen aztarnak opatu ditu, baita Donejakue bidearen oinarria izan zen erromatar galtzada ere. Valle de Tarazagak Donejakue bideari buruz Uharte Arakilen hitzaldia eman zuen hilaren 1ean. Ondorioetan esan zuenez, “Niretako erromatar bidea berreskuratzeak zentzu gehiago du Donejakue bidearen berreskurapenaren testuinguruan egiten bada. Donejakue bidera jendea bueltatzen bada eta erromatar bide horrekin lotzen badu, nahiz eta beti jatorrizko erromatar bidetik ez izan, jendeak ulertzea bide-sare horrek antzinatasun hori duela, pertzepzio horrek osotasun ikuspegia ederra ematen dio”.  

Arkeologoak gogorarazi zuenez, “Astorga eta Bordele lotzen duen erromatar bide sareak egituratu zituen komunitateen garapenaren oinarriak ezarri zituen. Erromatarrak iritsi zirenean hemen zegoen gizarte sistema guztiz eraldatu zuten. Mendiaren alturaren erdian bizi ziren. Herrien erreferentziak hurbileko puntuak ziren. Egun ezagutzen dugun komunikazio bide-sare hori erromatarrek ezarri zuten. Erromatarrek utzitako horretan oinarritu gara ondorengo mendeetan”. Eta gaineratu zuen, “erromatar galtzadak gaur egun jarraipena du, autobia edo trenbide moduan. Erromatarrek ezarritako komunikazio sistema batetik joateko modu desberdinak dira. Buruan ditugun mugikortasun sistemak erromatar sistema horretatik oinordetzan hartu dugu”.

Valle de Tarazagak azaldu zuenez, “baliteke Donejakue bidea ibilbide luzeen berreskurapenaren hasiera izatea. Jakina, bazegoen batera eta bestera mugitzen zenik. Baina Donejakue bideak Erromatar Inperioaren galerarekin galdu zen ibilbide kontzeptu bat berreskuratu zuen Erdi Aroko pentsaeran. Ibilbide luzeko bide horien buru-patroiak tokiko jendeari pasa zizkioten. Galtzadatik zetorrenaren eraginpean zeuden. Donejakue bideak zure auzotik aparte begiratzeko aukera ekarri zuen Europara”.

Historia
Hitzaldian “gertakarietan oinarrituta, ikuspegi zabala” izateko eskatu zuen.  Antonino ibilbideko 34. bidea, egungo Astorga eta Bordele lotzen zituen erromatar galtzada ibarra zeharkatzen zuen. “40. urte aldera sortu zen bere bazterrean Aracaeli masioa edo garai hartako zerbitzu gunea. Komunikazio bide indartsua, ibarra zeharkatzen zuena”. Arkeologoak ondorioztatu duenez “masio hura Sakanako administrazio gune bihurtu zen eta ibarreko komunikazioak artikulatzen zituen. Bere bide trazatu erromatar originala, gutxienez, sei mendetan mantendu zuen”.

Valle de Tarazagak gaineratu zuenez, “erromatar trazatuaren ondoren, modu batera edo bestera, existitzen segitzen du. Komunikazioak ezarri direlako”. Gaineratu zuenez, “bertako jendea erromatar bide bat izateak zekarrenarekin bizi zen”. Arkeologoak azaldu zuenez, hasieran masioak mendebaldeko eragin handia jaso omen zuen: Trizioko zeramika, Calagurrisgo txanpona… III. Mendetik aurrera, arkeologoek jasotako guztiak ekialdetik heldu dira (Lyon eta Erromako txanponak, txanpon merovingioa, Frantziako Luis IX.aren txanpona, erromatar zeramika…) “Ekialderako zabaltze hori oso indartsua dela dirudi”.

Badirudi erromatar bidea ibarraren iparraldetik doala. “Eguraldiari erreparatuta logikoa da, euritik babestuago egonen litzatekeelako. Uholde guneak saihestu zaleak ziren erromatarrak. Badirudi orain ibarraren iparraldea, Zamartzen ingurua zehazki, uholdeak izan daitezkeela. Erdi Aroan ere bai. Egungo eguraldiarekin alderatuta IX-XI mendeen artean aldaketak izan zirela dirudi, eta erromatar garaian izan zitekeenaren irudi desberdina eman diezaguketenak”. Uholde aztarnak opatu dituzte. “Galtzada 2,5 metroko sakoneran opatu genuen, Arakil ibaiaren uholdeek utzitako lurragatik. Ez dirudi askotan izandako uholdeengatik izan zenik, baizik eta gutxitan baina eragin handikoak. Traumatikoak eta katastofikoak”.   

Erdi Aroan zainketa faltagatik degradatu eginen zen galtzada. “Agian katastrofeek eragindako suntsiketak ere, uholde handiak, esaterako, ibilbidearen zatiak ezabatuko zituzten. Bidea berreskuratzeko ibilbidea gainean eginen zen edo iparraldera edo hegoaldera mugituz. Erdi Aroan ez zegoen erromatarrek zuten bidea mantentzerik. Bere ibilbide fisikoa galdu zen, baina ez bere funtzioa. Bidea erabiltzen segitzen da”.

Aro Modernoan trenbidea, autobidea, partzela-kontzentrazioa… elementu askok erromatar bidea egon zitekeen tokiak baldintzatu dituztela azaldu zuen. Baita haietara iristea ere. “Arakil ibaiak iparraldera egin duela konbentzituta gaude. Horrek gugana hurbiltzea dakar eta uholde guneak ur azpian gelditzeko are eta aukera gehiago eragiten ditu. Horrek zaildu egiten du galtzada opatzea, dakigunean, esaterako Zamartzetik 300 metrora 2,5 metroko sakoneran dagoela”.

Hala ere, ziur dago “iparraldetik ibilbidea segitzen badugu erromatar galtzadaren zatiak opatu daitezkeela. Hura egon daitezkeen tokiak daudela iruditzen zait. Partzela-kontzentrazio aurreko argazkiak ikusi ditut eta fisionomiagatik antzeman daiteke. Egon daitezke tokiak zeinetan agerian eta erabilgarri dagoen”. Zamartze eta Altsasu artean legoke.

Zamartzetik 300 metrora opatutako galtzada.

Erromatar galtzadaren tipologia
Ez da filmetako harlauzazko horietakoa. Sakana zeharkatzen zuena nahiko ohikoa da. Bloke nahiko handiz egindako zimendua du. Haren gainean errodadura kapa dago, trinkotutako legarraz egina. Goiko kapa horrek gogorra izan behar du, iraun dezan. Oso eraikuntza ona da. 6 metro zabal ditu induskatutako zatiak. Galtzadak ertzak ditu. Konponketa arrastoak daude. Ez dakite ezpondarik zuen. Hirigunetik kanpo opatu nahiko lukete, nolakoa den jakiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak