GASTEIZ ON Pasarelaren XXXI. Edizioa ospatu zen

Ilazki Martirena 2017ko api. 13a, 08:11

kolaboratzaileak

GASTEIZ ON pasarelaren 31. edizioa ospatu zen Artium Museoan. Lehendabiziko desfilea martxoaren 27an izan zen, eta azkenekoa 31n. Gasteizko Moda Astea da penintsulako ipar aldean glamour eta xarma gehien biltzen duena.

Martxoaren 29an, esate baterako, Moda Sortzaile Gazteen XXIV. edizioa ospatu zen. Ekitaldi honetan parte hartzeko eman zidaten aukeran “GÉNESIS” izeneko bilduma aurkeztu nuen. Izen hau aukeratu nuen moda munduan sei hilabeteko ziklotan egiten dugulako lan. Denbora epe labur horretan sortu behar izaten dugu beti arropa bilduma: jantziak josi, saldu eta behin zikloa bukatutakoan, berriz ere hasierara; egindako guztiak ahaztu eta berritik hasi hurrengo bilduma izanen dena. Eromenezko erritmoan bizi gara, zalantzarik gabe.

Pasarelako eskarmentua, nola ez, bikaina izan zen. Gonbidatu ninduten une beretik banekien aukera ezin hobea nuela nire lana erakusteko. Testu honetan pasarela bat antolatzea zer den  kontatu nahi dizuet (oso labur), sei minutuko desfile horren atzean zer lan dagoen. Hilabeteetako lana dago atzean, ordu asko eta asko. Arropa diseinatzerakoan, kontuan hartu behar da beti bilduma baten parte izanen direla eta denon arteko koherentzia mantendu behar dela. Desfile batean bi bilduma erakusten ditu diseinatzaile bakoitzak eta hasierako seiak arropa komertzialak izaten dira; hurrengoak, berriz, jantzi bereziagoak. Azken horiek diseinatzeko patroiak egin behar izaten dira, oihal ezberdinetan probatu eta buruan daukaguna lortu arte, beharrezkoak diren aldaketak egin eta egin. Horren ondoren dagokien oihalean moztu eta josten dira.

Alde asko dira kontuan eraman beharrekoak. Musikak, adibidez, ongi lagundu behar du nahi duzun giroa sortzen; oso garrantzitsua da. Oinetakoak ere kontuan hartu behar dira.

Ohiturak agintzen duen bezala, azkeneko momentu arte ezin izan nituen modeloen soinean jantziak probatu, eta badaezpada ere aldaketa aukera ezberdinak eraman nituen azken momentuan gertatuko ziren arazoei aurre egin ahal izateko. Esan beharra dago, ordea, ekitaldi hau oso ongi antolatuta izan zela eta ez nuela arazo berezirik eduki.

Eskerrak eman nahi dizkiet hemendik, eskainitako tratu atseginagatik, antolakuntza lanetan aritu ziren guztiei.

Hementxe uzten dizuet desfilea ikusteko helbidea, espero dut zuen gustakoa izatea…
https://www.youtube.com/watch?v=i9RJhtiWuck