Aste Santuko geldialdiaren ondoren asteburuan itzuli zen preferente mailako liga. Amigó taldea izan zuen aurkari Lagun Arteak eta lakuntzarrek puntu bat ekarri zuten Iruñeatik. Lehen zatian Lagun Artea hobeto ibili zen, dominatu zuen eta Odonek eta Cruzek sartutako golei esker, bi goleko errenta lortu zuen.
Bigarren zatian arbitroak Amigó taldeko atezaina aldageletara bidali zuen, baina egoerari egokitzen jakin zuten iruindarrek. Falta zuzen baten jaurtiketarekin lehengoa sartu zuen Amigó taldeak eta partida bukatzear zegoela, 90 minutuak gaindituta, berdinketaren gola sartu zuen Amigók. Hiru puntuak eskutan izanda batekin itzuli behar izatea ez zen gustukoa izan lakuntzarrendako.
Urrotzen, partida lehiatua jokatu zuten Urroztarrak eta Etxarrik. Ongi hasi ziren Urroztarrakoak, baina ez zuten Etxarriko atea zulatzen jakin. Etxarrik, aldiz, ongi defendatu zuen eta atsedenaldia baino lehen Bakaikoak gola sartu zuen, talde sakandarra aurreratuz. Bigarren zatian partidari buelta ematera atera ziren urroztarrak. 68. minutuan bana berdintzea lortu zuten eta partida puntu banaketarekin despedituko zela zirudienean, urrezko gola sartu zuen Urrotzek, garaipenarena, eta punturik gabe itzuli ziren etxarriarrak.
Sailkapenean Bidezarrak jarraitzen du lider eta mailaz igotzeko beharrezkoak ziren puntuak lortu ditu, 62 puntu. Maila autonomikoan ariko da hurrengo denboraldian. Bestalde, Lagun Artea 5.a da, 39 punturekin, eta Etxarri Aranatz 9.a, 36 punturekin. Sailkapena estu dago, hirugarren postua baitago jokoan, igoera fasea jokatzekoa. Asteburuan Lagun Arteak Urroztarra hartuko du Zelai Berrin eta Etxarri Aranatz Burladés taldearen kontra ariko da San Donaton.