Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuak Ingurumen hezkuntzarako eta boluntariotzari laguntzeko programa 2017 aurkeztu du. Nafarroako natur-ondarea eta han gobernuak egiten dituen lanak eta eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutarazteko doako ibilbide gidatuak, hitzaldiak, ate-irekien jardunaldiak, tailerrak eta bisitak antolatu ditu. Jarduera horietan norbanakoek, taldeek eta ikastetxeek parte hartu dezakete.
Nafarroan barna banatutako 20 jarduera eskaintzen ditu guztira departamentuak. Ibilbide gidatuen artean Aralarko basoen eta larreen kudeaketa ezagutzeko eskaintza dago. Elkarte eta bestelako taldeei zuzenduta dago. Ultzama eta Arakil barrutiko basozainek eginen dute gidari lanak eta haiekin hitzartu beharko da bisita eguna, urtean barna izanen dena. Bi ordu inguruko ibilaldia aurreikusia dago eta azalpenak gaztelaniaz edota euskaraz emanen lituzkete.
Izen ematea
Doako eskaintza da baina aldez aurretik izena eman beharra dago. E-postaz, participacion.ambiental@navarra.es edo ingurune.partaidetza@navarra.es helbideetara idatziz, edo 848 426 126 telefonora 10:00etatik 14:00etara hots eginez.