Les Frères Sisters pelikularen filmaketa

Film baterako casting deialdia

Guaixe 2017ko api. 26a, 08:36
Imanol Rayo arbizuarra (ezkerretik lehena) izan zen Urbasan azkena filmatzen. Bi anai filmeko irudiak hartu zituzten.

Bihar, osteguna, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, Altsasuko Gure Etxea eraikinean.

Urbasa-Andia natur parkeak film baten errodatzea hartuko du. Aste bat inguru izanen da garagarrilean edota garilean. Jacques Audiard zuzendariaren Les Frères Sisters filmaren zati bat da errodatuko dena, ingelesez. AEBko Oregonen 1851ean girotutako film horretan Joaquin Phoenixek, Jake Gyllenhaalek, John C. Rellyk edota Riz Admed aktoreek parte hartuko dute. Baina horiekin batera aritzeko figuranteak behar dituzte eta haiek aukeratzeko castinga deitu dute.

Filmerako beharrezkoak dituzten gizonezkoak eta emakumezkoak 18 urte baino gehiago izan behar dituzte, europar aurpegiera (nordikoa eta Europa ekialdekoa). Oso meheak diren beltzaranak eta ile urdinak ere onartuko dituzte. Baita amerikar natiboen profila dutenak ere. Gizonezkoen kasuan, gainera, kontuan izanen dute bizar eta bibote handiak. Bestalde, 6 eta 12 urte bitarteko haurrak ere behar dira, gehienez 140 cm-ko altuera dutenak. Baina ile-horiak, ile-gorriak edo gatzaina-koloreko ilea dutenak onartuko dituzte. Haien ingeles ezagutza kontuan hartuko da. Castinga egiterakoan kontuan hartuko dituzte antzezpen, musika eta dantza esperientzia.

Filmeko arduradunek argi eta garbi utzi dute aukeraketan ez dituztela kontuan hartuko tindatutako ilea, orrazkera modernoak, oso agerian dauden tatuaiak, belarri dilatazioak edo oso ile motza duten emakumezkoak. Castingerako itxaron ilara bakarra izanen da eta antolatzaileek eskatutako profilekin bat egiten ez duten pertsonak kaleratzeko eskubidea izanen du.

Beharrezko dokumentazioa
Figurante guztiei gizarte segurantzan alta emanen diete, beraz, biharko hautaketara eskatutako dokumentazioa eramatea ezinbestekoa da, bestela ez zaie kasurik eginen. Honako agiriak eraman behar dira:
- Nortasun agiriaren fotokopia, bi aldeetatik.
- Gizarte segurantzako afiliazio zenbakiaren fotokopia. Langilearen zenbakia behar da, ez du balio onuradunaren zenbakiak ezta osasun txartelak ere.
- Kontu korrontearen zenbakiaren fotokopia (IBAN+20 zenbakiak). Kopia argiak eta irakur erraza izan behar du.
- Adin txikikoen kasuan: haren nortasun agiria, legezko tutoreen nortasun agiria, haurraren edo tutoreen kontu zenbakia eta familia liburuaren fotokopia (gurasoen eta haurraren orria).


Filmaz
Patrick deWitt idazle kanadiarraren Les Frères Sisters nobelaren egokitzapena da, AEBko mendebaldea desmitifikatu egiten duen umore beltzeko westernrra. Charlie (John C. Reilly) eta Eli Sisters (Joaquin Phoenix) anaien istorioa kontatzen du. Hiltzaile profesionalak, izaera guztiz desberdina dute. Politika helburu duen Commodore handi-mandiaren esanetara, anaiak Hermann Kermitt urre bilatzailearen atzetik dabiltza. Charliek bere egitekoan segitzen duen bitartean Elik existentzia-krisi betean jardunaz zalantza egiten du. Bitartean, urrearen-sukar garaian izan ziren pertsonai makurrekin borroka eta topaketak izanen dituzte.

Why not productions paristar ekoiztetxearena da filma. Europako ekoiztetxe nabarmenetako bat da eta egile-filmak sustatzen ditu, zuzendari handi askoren lanak bulkatuz: Ken Loach, Cristian Mungiu edota Xavier Beauvois. Estatuko filmaketaren ardura (Almeria, Huesca) Madrilgo Meñakoz Films ekoiztetxeak izanen du, zeinaren zuzendaria Fernando Victoria de Lezea den. Azken 20 urtetan hainbat filmetan parte hartu du.

Sakana, platoa      
Filma Zuzendaria Urtea Non filmatu zen
Amaya Luis Marquina 1952 Urbasa
Orgullo y pasión Stanley Kramer 1957 Urbasa
Diez fusiles te esperan Jose Luis Saenz de Heredia 1959 Iturmendi
La batalla de las Ardenas Ken Annakin 1965 Urbasa
La batalla de Inglaterra Guy Hamilton 1969 Izurdiagako tren geltokia
Cromwell Ken Hughes 1970 Urbasa
Patton Frankil J. Schaffner 1970 Urbasa
Robin y Marian Richard Lester 1976 Urbasa
Tasio Montxo Armendariz 1984 Urbasa
Tengo una casa Mónica Laguna 1996 Urbasa
Escalofrio Isidro Ortiz 2007 Altsasuko Iñigo Aritza ikastola
Eutsi! Alberto Gorriteberea 2007 Lizarragako portua
Biútiful Gonzalez Inarritu 2009 Beriain
Bi anai Imanol Rayo 2011 Urbasa
Cuando dejes de quererme Igor Legarreta 2017 Altsasu, N-1 errepide zaharra