ELAk bere autonomia eta gauzak aldatzeko eskubidea aldarrikatuko ditu Maiatzaren Lehenean

Guaixe 2017ko api. 30a, 13:02

Manifestazioa Iruñeko Gurutze plazatik abiatuko da 12:00etan. Guk oinak lurrean, politika antisozial gehiagorik ez leloa izanen du.

ELAk bere autonomia sindikala eta gauzak aldatzeko eskubidea defendatuko ditu aurtengo Maiatzaren Lehenean. Sakanako ELAko arduradun Gorka Viergek esan digunez, “aurten ere, ELAren autonomia aldarrikatu behar da, langileen defentsan esparru sozial, politiko eta ekonomikoak kontuan hartu behar direlako, ezinbestean, eta sindikatuak esparru horietan ere eragiteko beharra dauka”.

Viergek azaldu digunez, “ELAk oinak lurrean ditu, eguneroko murrizketak eta soldaten zein lan baldintzen okertzeko joera pairatzen dituztenekin gaudelako. Aurtengo leloaren gakoa hor dago. Langile asko antolatzen ari dira, bizi eta lan baldintza duinen alde borrokatzeko. Hauek ere, Nafarroan benetako aldaketa politikoa eta soziala gauzatzearen alde ari dira”. Gogorarazi du ELAk inoizko ordezkaritzarik handiena lortu du Nafarroan: %2309koa. “Sekula izan ez dugun ordezkaritzarik handiena da. Etengabeko aurrerapauso honek berresten du ELAren apustua, autonomia, gertutasuna eta eredu aldarrikatzailea, oinarritik langileak lantokiz lantoki antolatzea helburu duena”.