1.203 mendizale Sakanako Ibilaldian

Guaixe 2017ko mai. 3a, 09:12

586 mendizalek parte hartu zuten Ibilaldi Handian (54 km), 427 mendizalek Ibilaldi Motzean (27,6 km) eta 190 mendizalek Ibilaldi Txikian (14 km)

Sakanako Ibilaldiak badu erakartzen duen zerbait. Galdegin zaiela, bestela, larunbatean bertan parte hartu zuten 1.203 mendizaleei. Iratxo elkarteak Nafarroako Mendi Federazioaren eta Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuaren laguntzarekin eta hainbat entitateren babesarekin antolatutako Sakanako Ibilaldia arrakastatsua izan zen beste behin. Aurretik 800 mendizale zeuden izena emanda, baina egunean bertan inskripzioa egin zutenak gehituta, azkenean 1.203 mendizalek parte hartu zuten larunbateko Sakanako Ibilaldian. Iratxokoa mendi ibilaldi ez lehiakorra da. Ibilaldi Luzea Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuituan sartua dago eta Ibilaldi Motza, aldiz, Nafarroako Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien Zirkuituan.

Goizeko 6:00etan abiatu ziren Ibilaldi Luzearen hautua egin zuten 586 mendizaleak. 54 km eta 3.388 m-ko desnibel positiboa zuten aurretik. Txurregi igo ondoren, Beriainera iritsi ziren, handik Uharte Arakilera jaitsi, jarraian Aralarko San Migel igotzeko eta Atarantz aurrera eginez, Agiritik pasa ziren, Erdi Aroko herri hustuko aztarnetatik. Ondoren, Madotz, Larrazpil pasa zituzten, eta Ergako Trinitatea igo eta jaitsi ondoren, Irurtzungo helmugara iritsi ziren.

Ibilbide Motza aukeratu zuten 427 mendizaleak goizeko 7:30ean abiatu ziren. 27,6 km eta 1.344 metroko desnibel positiboa osatu behar izan zuten. Urritzolatik Gaztelura igo ziren, Ekaititik jaitsi ziren eta Itxasperri pasa eta gero, Goldaratz eta Latasa aldera egin zuten, Arrantzaleen xendatik barna Irurtzunera heltzeko.

Bukatzeko, eta gaztetxoenetan mendizaletasuna sustatzeko asmoz, Ibilaldi Txikia antolatu zuten (14 km, 736 m-ko desnibela). 190 mendizalek parte hartu zuten. Trinitatera igo ziren, Latasara jaitsi eta Arrantzaleen xendatik Irurtzunera iritsi ziren. Atakondoa eskolako Gurasoen Elkartekoak izan ziren ibilbide txiki honen motore nagusiak.

Ibilbide guztian barna hornidura eta kontrol postuak jarri zituzten Iratxokoek. Ibilbide Luzean, eguerdia baino lehen topera egon zen Uharte Arakilgo hornidura gunea. Ordurako eguzkia zen nagusi, baina Beriainen eta San Migel gainean haizeari eta hotzari egin behar izan zioten aurre mendizaleek. Nolanahi ere, kontentu zeuden eta ibilbidearen antolakuntza bikaina eta Sakanako parajeen edertasuna azpimarratu zituzten. Guztia ongi ateratzeko 70 pertsona inguru aritu ziren antolakuntza lanetan.

Beste behin, mendizaletasunaren festa handia izan zen Sakanako Ibilaldia. Antolakuntzak guztia txukun-txukun uzteko ahalegin handia egin zuen, betiko modura. “Antolakuntzatik bitarteko guztiak jartzen ditugu zaborrak behar bezala jasotzeko eta horiek erabili eta gure ingurumena zaintzearen garrantziaz ohartarazi nahi dugu” zioten Iratxokoek. Eta aipatzekoa da lortu zutela.

Antolatzaileak, kontentu
Sakanako Ibilaldiko arduradun Pello Alzuetak adierazi digunez, guztia ongi joan zen. “Ez zen aparteko arazorik gertatu, eguraldiak lagundu zuen eta guztia ongi antolatzeko gai izan ginen”. Mila pertsona pasarendako hornidura prestatuta zuten, eta 1.203 izanda, egunean bertan jaki gehiago erosi behar izan zituzten. “Baina guztia ongi kontrolatuta, inolako arazorik gabe”. Hori bai, kamiseta gehiago enkargatu behar izan zituzten, eta jaso ahala heleraziko dizkiete falta zaizkienei.

ETB1eko Gailurra martxanekoak bertan izan ziren
ETB1eko kamarak Sakanako Ibilaldian izan ziren. Irati Andak Ibilaldi Luzea egin zuen eta Andoni Aizpuruk Ibilaldi Motza. Ibilbidean hainbat mendizale eta kirolari izan zituzten lagun. Adierazi zutenez, maiatzaren hirugarren asteko ostegunean emitituko dute Sakanako Ibilaldiko saioa, maiatzaren 18an.