Aralar klubeko Intersport Irabia taldeko Josu Etxeberriak junior mailako bere lehen garaipena lortu zuen larunbatean Lizarran. Orain arte lehenengo postuetan sailkatzen ibili da Iturmendikoa, baina larunbatean, XII. Area 99 Sarian helmugan besoak jasotzen lehena izan zen, Miguel Mugica (Galdeano), Alfonso Gaston (El Caserio), Migel Briz (Villanua) eta Ailetz Lasa ziordiarrarekin (Burunda, Quesos Albeniz) esprint estua izan eta gero. Iñigo Fernandez (Q.A.) 13.a sailkatu zen, 2:30era, Beñat Etxezarreta (I.I) 17.a, Xabier Mauleon (I.I.) 21.a, Imanol Galarza (I.I.) 23.a eta Iosu Jaka (Q.A.) 30.a, 3:06ra. Mendiko sailkapenean bigarrena sailkatu zen Josu Etxeberria eta lehen urteko juniorren sailkapenean lehena izan zen. Iturmendiarrak lortu du, azkenean, horren gogokoa zuen garaipena.
Hurrengo egunean, maiatzaren 1ean, garaipena lortzear egon zen Etxeberria. Astelehenean junior mailako Lacturale Junior 2017 Trofeoa jokatu zen Etxeberrin, Ermitagaña klubak antolatuta. 52 txirrindularik lortu zuten 69 km-ko proba despeditzea. Helmugara bi txirrindulari iritsi ziren, eta esprint estuan, Toyota Armentia taldeko Ibon Ruiz gailendu zen (1:55:44), Josu Etxeberriaren aurretik. Lehen urteko juniorren sailkapenean lehena izan zen Iturmendikoa. Ailetz Lasa 11.a sartu zen, 32 segundora. Bi talde sakandarretako gainontzeko txirrindulariei dagokienez, Iñigo Fernandez (Q.A.) 23.a sailkatu zen, Xabier Mauleon (I.I.) 34.a, Hodei Zia (Q.A.) 37.a eta Iosu Jaka (Q.A.) 46.a.
Bestalde, aipatzekoa da juniorrek larunbatean Amurrion izan zutela lasterketa, II. Amurrioko Sari Nagusia, Euskal Herriko txapelketako puntuagarria zena. El Proez Iturribero taldeko Oier Lazkano iritsi zen bakarrik helmugara. Josu Etxeberria 9.a sartu zen, Ailetz Lasa 14.a, Imanol Galarza 36.a, Beñat Etxezarreta 38.a eta Hodei Zia 53.a.