Junior mailako berri onez aparte, berri on gehiago izan zituen Aralar Txirrindularitza Taldeak asteburuan. Izan ere, kadete mailakoek lasterketa jokatu zuten larunbatean Araban, Respaldizan, XXXVII. San Prudentzio Saria. Sakanako bi txirrindulari iritsi ziren batera helmugara eta esprintean Aralarko Intersport Irabiako Igor Arrietak irabazi zuen (1:14:12), Burundako Quesos Albenizko Unai Aznarren aurretik. Jose Luis Arrieta txirrindulari ohiaren semeak denboraldi hasiera bikaina darama.
Gainontzeko txirrindulari sakandarrek ere maila bikaina eman zuten. Aitor Alberdi (I.I.) 5.a sartu zen, Iker Mintegi (Q.A.) 9.a, Urko Gorriti (I.I) 10.a eta Inhar Astitz (I.I.) 13.a.
Astelehen goizean Amurrion izan zuten lasterketa kadeteek, San Jose Artesano saria, Arabako kadete txapelketa. Tropela esprintean iritsi zen eta Bici Arandako David Manriquek irabazi zuen (1:19:04). Irabiako Aitor Alberdi hirugarrena sailkatu zen, Urko Gorriti laugarrena,Unai Villalobos 9.a, Igor Arrieta 12.a, Iker Mintegi 15.a eta Inhar Astitz 20.a.
Bestalde, kategoria txikikoek Los Arcoseko Nafarroako Zirkuituan izan zuten proba eta bikain aritu ziren Burunda eta Aralar taldeko txirrindulariak.