Sakanako Plan Estrategikoko (SPE) industia arloko aurtengo lehentasunezko erronketako bat mekanizatuan prestakuntza duala sustatzea zen. Eta lortu da Hezkuntza Departamentuak jakinararazi duen bezala Altsasuko Sakana Lanbide Heziketa institutuak Fabrikazio mekanikoaren ekoizpenaren programazio goi mailako prestakuntza duala eskainiko duela 2017-2018 ikasturtean. Izen ematea hilaren 8tik 15era egonen da zabalik.
Sakanako Garapen Agentziako industria eta zerbitzu teknikari Odei Arregi Aizpitartek ibarreko industrian metalaren eraldaketa prozesu mota guztiak egiten dituzten lantegi eta enpresa duen presentzia handia gogorarazi du. Eta gaztigatu: “enpresa askotan belaunaldi aldaketa izaten ari da eta metalaren eraldaketan ezagutza duten, zehazki mekanizatuan formatuak dauden, langileen eskaria gora egiten ari da”. Hori kontuan izanik, Sakana Lanbide Heziketa institutuak trebakuntza emateko azpiegiturak eta gaitasun teknikoak badituela kontuan izanik, “arazo horri konponbiderik egokiena emateko Sakanako Garapen Agentziaren koordinaziopean ibarreko ekonomia eragileak aritu dira”.
Prestakuntza duala
Eskualdeko enpresek, ikastetxeek, Lanbide Heziketa institutuak, Nafar Lansarek, Hezkuntza Departamentuko prestakuntza zuzendariak eta Sakanako Enpresarien Elkarteak adosturik, prestakuntza behar hori asetzeko modurik egokiena prestakuntza duala ikusi dute. Arregik dioenez, “metodo dualean ikasleek jasotako prestakuntza enpresen beharretara oso modu eraginkorrean egokitzea posible egiten du. Gainera, ikaslea etengabe enpresekin kontaktuan egoteaz aparte, eta lan esparruan mugitzea zer den lehen pertsonan bizitzeko aukera ematen du. Azken finean, prestakuntza osoagoa”.
Ibarrean prestakuntza dualaren beharra benetakoa zela adierazteko interesa zuten Sakanako enpresek konpromiso gutuna sinatu zuten. Idatziz jasoa gelditu zen mekanizatuko prestakuntza dualean parte hartuko zutela, eta “apustuak” enpresa horien laguntza eta konpromisoa izanen zituela. Hezkuntza Departamentuak baiezkoa eman ondoren, heldu den astean zabaltzen den matrikulazio garaian Sakanako eta inguruko gazteriaren erantzuna espero dute, “sakandarrek horrelako aukera ezin baitute galdu, ezta inguruko eskualdeetatik etorri daitezkeen ikasleek ere”.
Sustatzaileek eskaintza berriak ibarreko ikasleak kanpora ikastera joan beharrik ez izatea ekarriko duela espero dute. “Gertutasuna beste faktore garrantzitsu bat da”. Arregirendako, “zalantzarik gabe, ezaugarri bereizlea katea osatzea da, ikastetxeetatik hasiz, Lanbide Heziketa institutuan segituz eta bertako enpresetan lanean bukatuz; giza kapitala, ezagutza eta lana ibarrean geratzea bermatuz, hain zuzen ere, Sakana bat eginaz”. Izan ere, “etorkizun oparo bat eraikitzeko borrokan, elkarlana ezinbestekoa da. Sakanan, elkarlan puntu hori, Sakanako Plan Estrategikoa 2020ean biltzen da.”