Andra Mari, Nafarroako Txapelketara

Guaixe 2017ko mai. 5a, 08:55
Andra Mari ikastolako herri kirol taldea.

Nafarroako Goma Gaineko 4x4 Sokatira Txapelketako kadeteen mailan lehiatuko da Etxarri Aranazko Andra Mari taldea

Asteburu honetan Nafarroako Goma Gaineko 4x4 Sokatira Txapelketa hasiko da, larunbatean, maiatzaren 6an, Lesakan, 17:00etan. Hainbat kategoriatan jokatuko da txapelketa: gizonezkoen 320 kilotan, gizonezkoen 300 kilotan, 20 urtez azpikoen 280 kilotan, kadeteetan (280 kilo), emakumezkoen 255 kilotan eta emakumezkoen 235 kilotan.

Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketan ariko den talde sakandar bakarra Andra Mari izango da. Ikastolako taldea kadeteen (280 kilo) kategorian lehiatuko da, ondoko taldeekin: Berriozar, Araxes, Basaburua A eta Basaburua B. Izenak dioen bezala, lau tiratzailez osatutako taldeak izango dira lehiatuko direnak. Kadeteetan, lau jardunaldi eta finala jokatuko dira liga sistema bidez. Berdinketa egotearen kasuan, berdinketa haustea azken jardunaldian eginen litzake. Finala lehenengo bi sailkatuek jokatuko dute.

Lehen jardunaldia larunbatean jokatuko da, Lesakan, bigarrena maiatzaren 13an, Antsoainen, hirugarrena maiatzaren 20an, Larraintzarren eta laugarrena eta finala maiatzaren 27an, Berriozarren.