LOMCE legeak ezarritako errebalidak egiteko eguna zuten gaur Altsasu institutuan. Zehazki DBH 4ko ikasleek. Batek berak ere ez du errebalida egin, Errebalidei planto asanbladak eskatutakoa betez. 100 bat ikasle institutuko sarreran gelditu dira, sartu gabe. Aurreneko ordutik protesta eserialdia egin dute. Haien kexua gehiago entzun zedin txirula joz aritu dira. Aurreneko ordukoa eta gero DBHko 4. mailakoak izan dira kalean gelditu eta protestan segitu dutenak. Patioan ere beste protesta bat egin dute. Atzo errebaliden kontrako manifestazioan 150 bat ikaslek parte hartu zuten.
Errebalidei planto asanbladatik azaldu digutenez, “LOMCE legeak inposatu dizkigun azterketak dira errebalidak. Aurtengoak ez dira ebaluagarriak izanen. Emaitzak ez dituzte ez ikasleek ezta ikastetxeek jakinen, haiek bakarrik. Aurrera baldin badoaz, heldu diren urteetan errebalida aprobatzea beharrezkoa izanen da ikasturtea edo DBH gainditzeko”.