Nafarroako makina bat eskualdetako bertso eskoletako ikasleen topaleku bihurtu zen Irurtzun igandean. 14 bertso eskoletako ordezkariak izan ziren elkarrekin, tartean Altsasuko bertso eskolako sei. Prestatutako egun osoko egitarauak bertso-eskoletako ikasleen arteko harremanak bultzatzeko eta elkar ezagutza sustatzeko aukera eskaini zuen.
Elkar ezagutzeko jolasek eman zioten hasiera egunari, 11:30ean, Irurtzungo Kultur Etxean. Gero, ibilbidea egin zuten ikasleek oinez, eta jolas probak izan zituzten bidean zehar. Ondoren, gaztetxoen bertso saioa eta Bertsopaperen Lehiaketako sari emate ekitaldia izan ziren. Beñat Sanz de Acedo, Imanol Mesa, Beñat Astiz eta Ekhine Zapiain izan ziren saridunak. Bazkaldu eta gero, bertsogintzarekin lotutako jolas-dinamiketan hartu zuten parte gazteek, 17:00ak arte. Ordu horretan itzuli ziren ikasleak norbere herrira.