Arakili buruzko bigarren dokumentala mustuko dute

Guaixe 2017ko mai. 12a, 08:51

Kuriketan, Haurtzaroa eta gaztaroa Arakil ibarrean larunbatean, 17:30ean (gaztelaniaz) eta 19:30ean (euskaraz), Hiriberriko kontzeju etxean.

Arakilgo Udalak sustatuta Labrit multimendia ekoiztetxeak ibarreko ondare ez materialari buruzko bigarren lana egin du: Kuriketan, haurtzaroa eta gaztaroa Arakil ibarrean. Ondare ez materiala jasotzen trebatutako etxea da Labrit. 2012 eta 2013 urteen artean adineko 25 arakildar elkarrizketatu zituen eta haien bizipenen inguruan galdetu zien. Handik sortu zen Arakilgo haizea dokumentala, Hiriberrin, 2014ko lastailaren 4an mustu zena.

Labriteko kideek pertsona bakoitzari bi ordu pasako elkarrizketak egin zizkieten. Ondare hori arakildarren artean zabaltzeko asmoz udalak bigarren lan bat argitaratzea erabaki du. Oraingoan joan den mendeko haur eta gazteen bizitza nola zen ezagutzeko balioko du. Elkarrizketatuen lekukotzak gaur egungo arakildarren errekreazioen irudiekin batera emanen dituzte. Esaterako: ibai ondoko jolasak, bataioa, dantzaldia, eskola, pilota edota kintoen tailatzea islatzen da haietan.

Erlazionatuak