Lagun Arteak eta Etxarri Aranatzek despeditu dute 2016/2017 denboraldia. Asteburuan 30. jardunaldia jokatu zen, azkena. Lagun Arteak 3 eta 1 irabazi zion Berriozarri Lakuntzako Zelai Berrin jokatutako lehian. Berriozar aurreratu zen markagailuan, baina atsedenaldia baino lehen Berriozargo jokalari batek ate propioan sartu zuen gola. Horrela, bana berdintzea lortu zuen Lagun Arteak. Bigarren zatian lakuntzarrak hobeto aritu ziren eta Enekok, txilenaz, txurien bigarrena sartu zuen. Aurrerago, Berriozargo atezainak egindako sake txar bat aprobetxatu zuen Danielek, Lagunen hirugarren gola sartzeko eta horrela despeditu zen partida.
Bestalde, San Donaton jokatutako partidan jokoan zeuden 3 puntuak Etxarri Aranatzen geratu ziren. Lehen zatian Etxarri izan zen nagusi eta gol aukera ugari sortu zituen. Unaik eta Urkiak bi gol sartu zituzten eta alde horrekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian Arrotxapeakoak hobeto aritu ziren eta gol bat sartu zuten. Handik gutxira, Unaik Etxarriren hirugarrena sartu zuen baina Arrotxapeakoak, penaltiz, bigarrena sartzea lortu zuten. Markagailua ez zen mugitu eta 3 eta 2 irabazita despeditu zuen liga Etxarrik.
Lagun Artea, igoera fasera sailkatzear
Sailkapenean Bidezarrak irabazi du Preferente mailako lehen multzoko liga, 68 punturekin. Mailaz igo da taldea eta hurrengo denboraldian maila autonomikoan ariko da. Beti Casedano bigarrena izan da (59 puntu) eta Doneztebe hirugarrena (47 puntu). Bi talde hauek igoera fasea jokatuko dute. Igoera fasera sailkatzear geratu dira lakuntzarrak, laugarrena sailkatu baita Lagun Artea, 44 punturekin, igoera faserako 3 puntu eskasera. Pena alde horren gutxiagatik sailkatzea lortu ez izana. Eta Etxarri Aranatz 9.a sailkatu da, 39 punturekin.
Preferente mailan segiko dute Lagun Arteak eta Etxarrik
Hurrengo denboraldian Lagun Arteak eta Etxarri Aranatzek preferente mailan jarraituko dute.