Ziordian bizi den Movistar Team taldeko Gorka Izagirre ormaiztegiarrak irabazi zuen larunbateko Italiako Giroko etapa lehiatua. Gorka Izagirrek Sant`Angelo jaitsieran jo zuen erasoa, helmugarako 80 kilometroren faltan, aurretik ihes eginda zegoen taldea harrapatzeko asmoz. Gutxinaka, helburua lortu zuen Ormaiztegikoak eta bukaerako igoerari ekin baino lehen erasoa jo zuen Izagirrek. Horrela, Peschiciko helmugara bakarrik iritsi zen eta garaipen garrantzitsua lortu zuen Ziordiko bizilagunak.
“Orain arte lortutako garaipenik onena da hau. Giroa bezalako lasterketa batean garaipen hau lortzea sekulakoa da hau. Eta taldearendako ere. Konfiantza ematen digu honek” adierazi zuen Izagirrek. Movistar Team taldean pozak hurrengo egunean jarraitu zuen, Nairo Quintanak igandeko etapa irabazi baitzuen. Maglia arrosa jantzi zuen kolonbiarrak eta bukaerara arte hori eustea da kontua. Jose Luis Arrietak zuzentzen duen taldeari gauzak ongi doazkio, bada, Giroan.