Irakurriz gozatu eta gozarazteko kanpaina bueltan da

Guaixe 2018ko mar. 12a, 09:31

Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpaina astelehenetik maiatzaren 31ra arte martxan izanen da liburutegietan. Kanpainak irauten duen bitartean parte-hartzaileen artean 24 erosketa txartel zozketatuko dira.

Euskaltzaleen Topaguneak Euskal Herriko beste 42 toki administraziorekin batera antolatutako kanpaina da Irakurri, Gozatu eta Oparitu (IGO). Euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina horrekin bat egin du Sakanako Mankomunitateak, sakandarren artean “irakurketaren plazera" sustatu  eta "plazer hori opari bihurtuta partekatzeko".

IGO kanpainan parte hartzeko lehen lehenik liburutegira joan behar da. Han euskarazko liburu bat aukeratu, etxera eraman eta hura irakurriz gozatu egin behar da. Liburua irakurri ondoren, liburutegira bueltatu eta irakurle-fitxa emanen du liburuzainak. Liburuari buruzko iritzia han idatzi eta trukean erosketa txekea jasoko duzu.

Txartel horrekin ibarreko liburu-dendaren batera joan eta  han, txekea erabiliz, liburu bat % 35 merkeago erosteko aukera izanen da. Kanpainako azken pausoa liburua oparitzea da: senide, lagun, lankideren bati… Edo, mereziz, gero nork bere buruari. Kontua da euskaraz irakurriz gozatzen segitzea.