Zortzi euskaldun berriri aitortza-festa

Guaixe 2018ko mai. 8a, 09:25

eLe-festak euskalduntzen ari diren pertsonen ahalegina eskertu zuen larunbatean

Euskaldun berriei esker Sakanan euskal hiztunen komunitatea gero eta zabalagoa dela ospatzeko antolatu da eLe festa. Ibarreko euskaldungoa zabaltzeko erabakia hartu duten euskara ikasle eta mintzakide programako kideak propio omentzeko ekitaldia izan zen larunbatekoa, antolatzen den hirugarrena. Mari Jose Arzari, Jose Donlori, Maria Lusia Fernandezi, Mikel Zudaireri, Peio Razkini, Felix San Migeli, Laureano Gabirondori eta Arrate Iturritzari (mintzakidea) euskara ikasteko egindako ahalegina eskertu zieten eta bakoitzak opari bana jaso zuten aurretik euskaldundu ziren Pili Rellanen eta Ignacio Lezearen eskutik. Ekitaldian 40 bat pertsona elkartu ziren eta guztiek ondoren egin zen mintzodromoan parte hartu zuten, horrela omenduek euren inguruan dituzten euskaldunak ezagutzeko aukera izan zuten.

Laguntza eta izen ematea
Ibarreko euskara ikasle guztiei gogorarazi diete Sakanako Mankomunitatearen diru-laguntza eskatzeko aukera dutela. Eskabideak garagartzaroaren 1etik garilaren 31ra aurkeztu aukera dute. Bestalde, gogorarazi zuten irailean zabalduko dela Sakanako Mintzakide programan izena emateko epea, doakoa da. Informazioa 600 482 024 telefonoan edo Itsasi euskaltegian jasoko dute. Sakanan euskara ikasi nahi duten helduendako aurrematrikulazioa maiatzaren19an zabalduko du AEK-k. Aukera hori baliatzen dutenek % 5eko deskontua izanen dute. Sakanako AEK-n ohiko matrikulazioa, bestela, irailean izanen da. 948 468 258 telefonoan edo Itsasi euskaltegian jaso daiteke informazioa. Gainera, AEKk udarako barnetegi eskaintza zabala du.

Bestalde, eLe festako antolatzaileek Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra izanen dela gogorarazi zuten. Sakanako 7 herrik eman dute izena: Irurtzun, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Urdiain. Izena eman ez duten herrietako euskaltzaleek horretarako aukera izanen dute asteazkenean, 17:00etan, Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan eginen den bileran.