Korrika oroigarria nahi?

Guaixe 2019ko api. 12a, 14:13

Korrikako argazkiak km markatzaile birziklatuekin egindako markoetan sartuta.

Guaixek ateratako argazkiak propio birziklatutako marko berezietan eskura ditzakezu orain.

21. Korrika Gasteizerako bidean da. Asteartean pasa zen Sakanatik eta Guaixek hura irudietan jaso zuen. Argazki horiek gaur astekariarekin argitaratutako gehigarrian eta www.guaixe.eus web gunean dituzu ikusgai. Norbera eta ingurukoak agertzen dira argazki horietan. Batuta birziklatze laborategiak eta Guaixe fundazioak elkarlanean egindako eskaintzari esker gogoko argazkiak marko berezian bilduta jaso ditzakezu orain. Zein markotan? Korrikako ibilbideko kilometroak seinaleztatzeko erabilitako kartoiez egindako markoa.

Bai Batuta birziklapen laborategiaren bai Guaixe fundazioaren proiektu horrekin erabilitako produktu bat, Korrikako km markagailua, berrerabili egiten da, jarri zen tokian galtzen utzi beharrean. Horrela, ingurumena zaintzeko ekarpena egiten da. Bestetik, ekimenak euskararen aldeko lasterketaren oroigarri eder bat gordetzeko aukera ematen du. 10 eurotan. Eskaintzan interesa duenak argazkia aukeratu eta bere eskaera admin@guaixe.eus e-posta helbidean egin beharko du.