Euskara lan munduan

Enpresetan euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko deialdia

Guaixe 2021ko mar. 25a, 14:56

Langilea enpresa batean lanean. Artxiboa.

Nafarroako Gobernuak 154.000 euroko poltsa du eta eskaerak apirilaren 6ra arte aurkeztu behar dira. Euskara Zerbitzuak laguntza eta aholkularitza eskaintzen ditu.

Euskararen Legean jasotakoari segituz, Nafarroako Gobernuak herrialdeko sektore pribatuko  lantokietan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko dirulaguntzen deialdia egin du. Foru administrazioaren laguntza deialdi horren helburua da lantokietan edota enpresetan euskararen erabilera, presentzia eta ikusgaitasuna handitzea. Gainera, enpresa edo lantoki horien informazioaren eta komunikazioaren teknologietan (IKT) euskara txertatzeko aukera ere ematen du deialdiak. 

Lan munduan euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko hainbat neurri hartu daitezke, esaterako: euskara plana egitea, euskara plana betetzeko urteko hainbat ekintza egitea edota enpresetan euskararen aldeko ekintza solteak egitea (errotulazioa, langileen formazioa, webgunea, itzulpenak, barne- nahiz kanpo-komunikazioa...). Horretaz aparte, dirulaguntza jasotzeko aukera izanen dute webguneak eta software aplikazioak euskaraz sortzeko inbertsioak egiten duten enpresek, beti ere, komunikazioaren teknologietan euskara sustatu edo zabaltzea helburu dutenak. Horrekin batera, diruz lagunduko da webguneak eta software aplikazioak egokitu edo aldatzea, euskaraz erabiltzeko. 

Aholkularitza
Horretarako, guztirako Nafarroako Gobernuak 154.000 euroko aurrekontua bideratu du, 140.000 euro lantokietarako eta 14.000 euro euskara ingurune digitalean sustatzeko. Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak jakinarazi duenez, “dirulaguntza deialdiak prozedura zehatz bat eskatzen du laguntza horiek eskatzeko. Prozedura ez baduzue ezagutzen eta horren inguruko argibiderik behar baldin baduzue, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak laguntza eta aholkularitza eskaintzen dizue prozedura ahalik eta erosoen eta errazen egiteko”.
 
Dirulaguntza deialdian interesa edo zalantzak argitu nahi dutenek Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzurarekin harremanetan jartzeko aukera dute. Horretarako, 948 464 840 edo euskara2@sakana-mank.eus helbide elektronikora idatzi dezakete.