Etxeberri eta Lekunberri arteko gasbidea

Gasbidearen trazaduran behera

Guaixe 2021ko api. 2a, 13:07

Gasbidearen kontrako mendi martxako parte hartzaileak Madotzen. Utzitakoa.

Etxeberri eta Lekunberri Aralarren barna lotuko lukeen gasbidearen ibilbidea ezagutu zuten larunbatean.

Larunbat goizean 90 pertsona elkartu ziren Madotzen. Ezohiko jende kopuru horrek Aralar zain dezagun! Gasbidea hemendik ez! Plataformaren deialdiari erantzun ziotenak izan ziren. Guztiek Etxeberri eta Lekunberri lotuko lituzkeen gasbideak Aralar mendiaren hego ekialdeko magalean sortuko lituzkeen ondorioak bertatik bertara ezagutu nahi izan zituzten. Zuarrarrateko portuaren gainean, eskuinera dagoen pista hartu, eta Itxasperriko ermitara arteko bidea egin zuten. Bidean, adituen eskutik, gasbidearen lanek ur baliabideetan eta arkeologia eta etnografia aztarnetan utziko luketen arrastoak ezagutzeko aukera izan zuten. 

Plataformak antolatutako bigarren mendi martxa izan zen larunbatekoa. Aurrenekoan gasbidearen Madotz eta Astiz arteko ibilbide posiblea ezagutzeko egin zuten. Azaroaren 28an izan zen eta 80 pertsonak parte hartu zuten.