Tontorretatik espetxe politika "bidegabea" salatu dute

Guaixe 2021ko mai. 10a, 12:56

Sarek deituta, 480 sakandarrek hamazazpi tontorretatik euskal preso eta iheslariak etxeratzeko eskatu zuten.

Sareren Izan Bidea dinamikaren barruan dago mendi tontorretara igotzeko ekimena. Preso batzuen hurbilketak eta kartzelatu batzuei gradu aldaketa ezarri bazaie ere, Sareko kideen iritziz espetxe politikan ez da “sakoneko” eta “erroko” aldaketarik izan. Horregatik, Sarekideek uste dute “egungoa une aproposa da euskal preso eta iheslariei ezartzen zaizkien salbuespenezko legeekin bukatzeko”. Saretik gaineratu dutenez, “dinamika honek euskal presoen eta iheslarien etxeratzearen alde, baita elkarbizitza eta bakearen alde gauden herritarrak batzeko asmoa du, pausoak emanaz, bidea izan gaitezen. Gizarte aktibazioa eta instituzioekin lanketa uztartuz, auzi honi behin betiko aterabidea eman nahi diogulako”. 

Euskal Herrian “inoiz egin den tontor igoera bateratu handienean” 480 sakandarrek parte hartu zuten, 17 gainetara igoz. Sakanako tontor guztietan Sareko kide zen eta martxoaren 13an hil zen Fran Balda Araña arbizuarra gogoan izan zuten. Hik argitutako bidetik, denak etxera! Eskerrik asko Balda! leloa zuen pankartak zabaldu zituzten, gerora herrietara jaitsi eta kaleetan ikusgai utzi zituztenak.