Ametsen kutxa pasa da

Guaixe 2021ko mai. 19a, 08:56

Kutxa Birak Arbizun eta Altsasun geldialdi bana egin zuen hilaren 7an, harekin herri bakoitzeko ametsa jaso zuen.

Diaspora eta Euskal Herriko 73 herri eta hiri bisitatuko ditu Kutxa Birak hilaren 31n bere ibilbidea Seguran despeditu aurretik. Iparra Hegoa elkartearen ekimena ostiralean Sakanan egon zen. Amets Arzallusen bertsolariaren Hitza da gure lurra testuarekin abiatu zuen bere ibilbidea. Eta herrietan egin duen geldialdi bakoitzean ametsak sartu dituzte kutxan. Sakanara iritsi zenerako, mordo bat ziren, beraz. 

Altsasu
Aguraindarrek ekarri zuten kutxa Altsasura. Gaitarien eta momotxorroen laguntzaz udaletxe paretik Iortia kultur guneko zabalgunera eraman zuten kutxa, han altsasuarren esku utziz. Txalapartarien doinuek eta Idoia Granizo Uribarrenaren bertsoek ongi etorria egin zioten. Ikastetxeetako ikasleek, Zangitu fanfarrea eta Kukuerreka kantu poteo taldeak jarri zuten ekitaldiko soinu banda, Kutxa Biraren doinua abestuz. Dantzariek ere parte hartu zuten Kutxa Birari harrera egiteko ekitaldian. 

Bukaeran Altsasuren ametsa kutxan sartu zuten. Izaskun Etxeberriak idatzi eta Altsasuko auziagatik epaitutako Jonanek jarri zion ahotsa idazlearen mezuari: 

Hitzak Altsasutik
Eta hitza gure lurrean landatu genuen bezala, 
jarrai dezagun elkartasuna ereiten, 
euskararen herri libre bat sortzen
eta txarrenari onena ateratzen, 
sasi guztien gainetik
eta laino guztien azpitik. 

Arbizu
Etxajuen eztandak agurtu zuen Kutxa Bira. Altsasuarrek Arbizura eramateko ardura zuten eta kutxa kiroldegi parean utzi zuten haien esku. Dantzarien agurraren ondoren, dantzari txikien kalejirak lagunduta plazara joan ziren guztiak. Dantzari txikiek plazan dantzatu ondoren arbizuarren ametsa irakurri zuen haren egileak, Castillo Suarezek. 

Amets egiteko nahia
Hemen eta ez beste inon
jarraitu nahi dugu maitatzen
eta maite dugunarengatik borrokatzen.
Herri honetan eta ez beste batean
ikusi nahi ditugu hostoak berritzen
eta lurrera biraka erortzen.
Gauden tokian eta inora joan beharrik gabe
ikasi nahi dugu gauzak aldatzeko daudela sinesten,
kausa berriei oratzen.

Biharko eguna zabaldu nahi dugu
absentziarik eta dolurik gabe,
debekatutako tokirik eta ordurik gabe.
Aro berri bat mustu nahi dugu
gure artean ez dagoen jendearekin,
bazterrean daudenekin,
galtzaile izan direnekin,
hosto erorien hotsarekin.

Loak galarazten digunak ametsak eragiten dizkigu.
Bakarrik ezer gutxi gara:
haizearen peskizan ibiltzen gara,
dantzan dauden hostoei begira.
Baina ametsek beti garamatzate norbaitengana:
bakarrik dagoenarengana,
zauritua izan denarengana,
zigortua,
zelatatua,
alboratua.

Ametsek beti garamatzate
baden herri batera,
baden hizkuntza batera,
baden laguntasun batera.

Baina ez da ametsa bera axola duena orain,
amets egiteko nahia dugula baizik.