EH Itzulia 2022

Ikusle asko Sakanan Itzuliaren pasan

Guaixe 2022ko api. 6a, 10:20

Ihes egindako laukotea Etxarri Aranaztik. CHARLY LOPEZ

Sakandarrek ongi etorri beroa egin zioten Euskal Herriko Itzuliari. Lau txirrindulari euskaldunen ihesaldia zapuztu zen eta Igor Arrietaren taldekide Ibon Ruizek azken metrotan galdu zuen etapa garaipena

Metro gutxi batzuengatik. Vianako helmugarako 400 metroren faltan, zehazki, harrapatu zuen tropelak ihes eginda zioan Kern Pharma taldeko Ibon Ruiz txirrindulari gasteiztarra. Igor Arrieta uharte arakildarraren taldekideak merezi zuen garaipena, baina World Pro Tour mailako lasterketetan garaipen guztiak garesti dira eta bukaeraraino borrokatzen da. Azkenean, Alaphilippek (Quick Step) irabazi zuen Leitzan hasi eta Vianan despeditu zen etapa ikusgarria, Sakanatik pasa zena. 

Leitzan eguerdian hasi zen etapa eta Sakanara Zuarratetik sartu zen. Etxarri Aranatzeraino Sakanako herrietatik pasa zen, eta harrera bikaina izan zuen probak. Etxarri Aranazko bidegurutzea zalez lepo zegoen, eta Lizarragako Portuan, zer esanik ez. Txirrindulari askok eguneko buelta Lizarragaraino egiteko probestu zuten. Txirrindulari guztiak txalo zaparrada jaso zuten, eta Gorka Izagirre eta Igor Arrietak, zer esanik ez. Arrietaren aldeko pankarta bat zegoen eskegita, Igor Arrietak berak sare sozialetan jaso eta partekatu duena. 

Atzoko etapa ihesaldietarako aproposa zela zioten adituek eta hala izan zen. Ibon Ruizek (Kern Pharma), Julen Amezketak (Caja Rural), Ander Okamikak (Burgos BH) eta Ibai Azurmendik (Euskaltel-Euskadi) hasieratik egin zuten ihesi. Lau txirrindulari euskaldun aurretik, euskal zaleak zoratzeko moduan zeuden. Bukaera aldera, helmugarako 10 kilometroren faltan, Ibon Ruizek atzean utzi zituen iheskideak, baina helmugatik 400 metrora tropelak irentsi zuen eta Alaphilippek ez zuen barkatu (5:04:35). Igor Arrieta hamabigarren sailkatu zen, denbora berean, eta Gorka Izagirre 50., denbora berean. 

Kern Pharman amorratuta baina pozik
Nolanahi ere, penatuta baina pozik daude Kern Pharma taldean. Juanjo Oroz eta Pablo Urtasun zuzendari dituen taldea denboraldi polita egiten ari da. Igor Arrieta bi lasterketetan igo da podiumera –Galizian eta Indurain Sari Nagusian, gazte onena– eta atzo Ibon Ruiz podiumera igo zen mendiko saria eta lehiakortasun saria jasotzera. “Une batzuetan irabazletzat ikusi dut neure burua, baina 500 metrora ezinezkoa zela konturatu naiz. Garaipena lortu ez izanagatik penatuta nago, taldearendako oso garrantzitsua litzatekeelako, baina, bestalde, oso gustura nago egin dudan lanarekin” azaldu zuen. Oroz zuzendariak nabarmendu zuen talde berdeak “goi mailako probetan lehiatzeko gaitasuna” duela. “%100 eman dugu eta gure txirrindulari guztien lanagatik oso kontentu gaude”. 

Gaurkoa
Atzoko etapak sailkapen orokorrean ez du aparteko eraginik izan. Roglickek jarraitzen du lider, Evenepoel arerio nagusia 5 segundora duela. Gorka Izagirre 13. da, 24 segundora, eta Igor Arrieta 66., 49 segundora. Gaur Laudion hasi eta Amurrion despedituko den etapa dago jokoan (181,7 km), tranpaz betetako etapa, hirugarren mailako Altube eta Opellora gainak eta bigarren mailako Ozeka gainak tartean dituena.