EH Itzulia 2022

Itzulia, Zamudiotik Mallabira

Guaixe 2022ko api. 8a, 11:00

Gorka Izagirre, asteazkeneko etapan. MOVISTAR TEAM

Ostiraleko erdi mailako etapa menditsuan baino, larunbateko Eibar-Arrate etapa nagusian dute burua txirrindulariek 

Euskal Herriko Itzuliko laugarren etapa Gasteizen hasi eta Zamudion despeditu zen. Mugimendu handiko etapa izan zen, ihesaldi saiakerez gain, liderrek ere elkarri eraso ziotelako, baina talde garrantzitsuenek euren legea ezarri zuten eta esprinter onenak elkarrekin iritsi ziren helmugara. Esprint estuan Daniel Felipe Martinez (INEOS) Alaphilipperi (Quick Step), Ulissi (UAE), Roglic liderrari (Jumbo) eta Pello Bilbaori (Bahrein) gailendu zitzaion.  

Gorka Izagirre 3:28ra sartu zen, taldekideendako lan egin eta gero. Igor Arrietak ez zuen bere egunik onena izan, 7 minutu pasara iritsi zelako. Uharte arakildarrak aitortu duenez, profesionaletan berria izanik “sufritzea” tokatzen ari zaio, eta jo eta su joanda ere, aurretik 30 edo 40 txirrindulari sartzen zaizkiola. 

Sailkapen orokorrean Roglic jarraitzen du lider eta goialdean ez dago aparteko aldaketarik. Gorka Izagirre 29. postuan dago, 6:12ra, eta Igor Arrieta 46.ean, 10:32ra. 

Gaur azken aurreko etapa jokatuko da, Zamudion hasi eta Mallabian despedituko dena (163,8 km). Bost mendate dituzte tartean: Paresi, Bedaroa, Gontzagaraigana, Trabakua eta Karabieta. Helmuga horma batean dago, bukaera baldintzatu dezakeena. Ez da ihesaldi saiakerarik faltako. 

Larunbatean bukatuko da Itzulia, etapa nagusiarekin: Eibar-Arrate, goi mailako etapa menditsua. Hari begira daude txirrindulari gehienak.