Burundako 3.941 hitz

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2022ko uzt. 13a, 13:59
Koldo Zuazo Zelaieta hizkuntzalaria Urdiaingo aurkezpenean.

Koldo Zuazo Zelaieta hizkuntzalariak 'Burundako Hiztegia' argitaratu du. Lau urtetan Urdiainen hitzak biltzen aritu da, eta lan horretan lau urdiaindarren laguntza izan du. Garilaren 1ean aurkeztu zuen, festen hasiera suziriaren aurrerapen gisa.

Hilabete batzuk egin ditut hemen Urdiainen. Lanerako ez naiz gehiago etorriko; hurrengoa etortzen naizenean trago bat hartzera izango da". Koldo Zuazo Zelaieta hizkuntzalariak Burundako Hiztegiaren aurkezpenarekin lau urteko lanari amaiera eman zion. "Lana despeditu dugu, hiztegi bat egitea ez da zaila, baina luzea da". Garilaren 1ean, ostiralean, Urdiaingo festen atarian aurkeztu zuen, eta garilaren 2an Urbano Zelaia, Ipi Zelaia, Mariano Galarza eta Julian Etxeberriarekin batera sanpedroak iragartzen zuen suziria bota zuten. Lau urdiaindarrak hiztegia osatzen lagundu duten "lagunak" izan dira. Garilaren 21ean, osteguna, 19:00etan, Altsasuko Gure Etxea eraikinean aurkezpena eginen du. 

"Lana despeditu dugu, hiztegi bat egitea ez da zaila, baina luzea da"

Hiztegi bat egiten hasten direnak hizkuntzako hitz guztiak bildu nahi dituztela aitortu zuen Zuazok, "eta hori ezinezkoa da. Milaka, infinitu, hitz daude. Gutako edozeinek asmatu egiten ditugu". Cordobara joan zenean, esaterako, lagun batekin Mezkitan zeudela lagunak esan zuen "leku zutaritsua" zela; "sekula entzun gabeko hitza zen, eta harrezkero ez dut berriz aditu. Seguru lagunak momentu horretan asmatu zuela". Izan ere, euskaran mendi asko dagoen tokia menditsua bada eta haize asko dabilen lekua haizetsua bada, orduan Mezkitan zutabe asko dagoen tokia denez zutaritsua da. "Orduan, pentsatzea hitz denak bilduko ditugula nahiko utopia da".

Lau kriterio

Zein hitz sartu eta zein ez sartu erabakitzeko Koldo Zuazok lau kriterio jarraitu ditu

Hitz denak ezin zituela bildu onartuta, Zuazok erabaki zuen Urdiainen hiru urte pasako zituela eta 4.000 hitz bilduko zituela, "asko jota 4.500". Hartu behar izan zuen bigarren erabakia izan zen, hitz kantitate jakin hori jaso nahi bazituen, zein hitz bilduko zituen eta zein hitz utziko zituen kanpoan. Lan hori egiteko lau kriterio erabili zituen hizkuntzalariak.

XX. mendeko bigarren erditik, 1950ko hamarkadatik, gaur egunera erdaratik etorritakoak hiztegitik kanpo utzi ditu. "Zer gertatu da bigarren mundu gerraren eta 1939tik aurrera? Gauza asko asmatzen direla, asmatu da telebisioa, labadorea, frigorifikoa...". Tresna asko asmatu dira, eta tresna bakoitzak bere izena du, "izen horiek zabaldu dira, kasu batzuetan, mundu osora eta beste kasuetan Europara eta Ameriketara". Plastiko, aluminio, titanioa... leku askotan erabiltzen diren hitzak dira. Baita komunikazioaren munduan asmatu diren "hitz mordo bat" ere: Instagram, Internet, Wifi, Whatsapp, email... Kirolaren munduko hitz berriak ere alde batera utzi ditu: Surf, windsurf, montainbike. eta abar.

"Gauza da kriterio horren arabera milaka eta milaka hitz alde batera utzi ditudala". Hala ere, salbuespen batzuk egin ditu, kartona hitza, esaterako, hiztegian agertzen da. "Zergatik kartona bai? Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kartoia edo kartoie esaten dugu, Lapurdin eta Nafarroa Beheran kartoina esaten da, eta Xuberoan karto. Hemen kartona esaten da". Burundako euskarak Nafarroakotik gauzak gertu dituela azaldu zuen Zuazok, eta informazio hori hiztegi batera eraman behar dela. Horregatik ere agertzen dira: marrona, limona, melona, melokotona, frontona, balkona, sagona eta abar hitzak. "Hor ikusten da Burundako euskarak gauza batzuetan Gipuzkoatik hartu dituela, beste gauza batzuk Arabatik hartu dituela, domeka eta izara bezalako hitzak Arabatik etorri ziren, eta beste gauza batzuk Nafarroatik etorri ziren". -ona bukaera duten hitz horiek, beraz, sartu behar ziren. Sartu dituen hitz horiek Europan gehienenean eta Amerikan "antzeko" esaten dira.

Hizkuntzalariak kontuan izan zuen bigarren kriterioa Euskal Herrian 1964. urtea eta gero sortu diren hitzak ez sartzea izan da. Eta zergatik urte hori? Zuazok azaldu zuen: "Urte horretan hasi zelako egiten euskara batua, eta euskara batuaren izenean hitz mordo sortu dira". Adibidez, helburu hitza sortu zen eta harekin helbide, helmuga eta bestelako eratorriak. "Hel hitza zaharra da, baina beste horiek berriak dira".

Euskara batua
XX. mendean ere hitz berria hartu ditu euskarak, nahiz eta berriak ez izan. Saunak Finlandian aspalditik daude, "baina guk noiz ezagutu ditugu? XX. mendearen bigarren erdian". Antzeko zerbait gertatzen da yoga-rekin, "aspaldiko kontua da, baina guk duela gutxi ezagutu dugu". Lasagna, espageti, ravioli eta pizza aspaldiko hitzak ziren Italian, baita whiski eta vodka Eskozian eta Errusian ere. "Aldi berean, guk txakolina aspaldi ezagutzen genuen, baina orain hasi dira ezagutzen mundu zabalean".

"Euskara batuarekin ere hori gertatu da. Denak ez dira hitz berriak izan, batzuk birziklatu egin dira, eta esanahia pixka bat aldatu da, eta gaur egun egunerokotasunean erabiltzen ditugu". Zuazok adibide bat jarri zuen: Kirol. XVI. mendean agertzen da lehenendabiziko aldiz eta jolasean bezala dela ematen du, hizkuntzalariak azaldu zuenez. "Gaur egun ez du esanahi hori; deporte-arekin lotzen dugu". Tradizioan agertzen den hitz bat gaur egunera ekarri, esanahi berria eman, eta hitz berriak sortu dira: "Kirolari, kiroltasun, kiroldegi, polikiroldegi, herri kirolak..."

Euskaltegira joan gabe ezagutzen den beste hitz bat, azaldu zuen Zuazok, zinegotzi da. "Iparraldean ez da askorik erabiltzen, baina hegoaldean nahiko normal bihurtu da". Zinegotzi Erronkari eta, "dirudienez", Aezkoa aldean erabiltzen zen hitz zahar bat da. "Guk gaur egunera ekarri dugu eta concejal esateko erabiltzen dugu". Alkatearekin batera udaletxea sortzen duen taldea osartzen dute zinegotziek, beraz. Kriterio honen barruan beste adibide bat opor hitza da. "Orain dela ehun urte ez ziren bakazioak existitzen. Jai hartzen zen domeka osoan edo domeka arratsaldean". Opor hitzak esan nahi zuen euria egiten zuelako edo resaka zegoelako lanera ezin joatea, "lanera hutsegitea, opor egitea. Gaur egun, bakazioak esateko erabiltzen dugu oporrak hitza".

Globalak
Amaitzeko, euskara batuaren izenean leku jakin batzuetan erabiltzen ziren hitzak "globalizatu" direla esan zuen Zuazok. Esaterako, aholku hitza, aholkularitza bezala hitzekin zabaldu dela azaldu zuen. "Hitz berria da asesoria esateko, aholku-tik hartu dugu hitz hori"."Arrakasta" handia lortu duen beste beste hitz bat ulertu hitza da. "Bizkaiko mendebaldean erabiltzen da, Mungia, Leioa, Larrabetzu, Lezama eta alde horretako hitz bat da". Gaur egun, aldiz, oso zabalduta dagoela, eta "zazpi probintzetako jendeak" erabiltzen duela gaineratu du hizkuntzalariak.

"Gero zuek erabakiko duzue zer egiten duzuen, baina nik hitz horiek sartu ditut"

Zuazok hitzak aukeratzeko orduan erabili duen hirugarren kriterioa herri bateko hiztegi generala deitutakoa izan da: "Herri batean, Urdiainen edo Burundan, badira kizuzgileak, joskinak, nekazariak... eta ofizio bakoitzean badira hitz berezi batzuk. Batzuk denek ezagutzen ditugu, beste batzuk ofiziokoak bakarrik ezagutzen ditu". Adibide bat jarri zuen: "Nekazaritzako tresna bat da gurdina, hiztegian agertzen dena. Garai batean baziren gurdiak eta gaur egun ere badira gurdiak. Ez dira zurezkoak, metalezkoak dira, baina gurdi hitza errekuperatu daiteke". Horri lotuta andartza hitza aipatu zuen ere, gurdia traktorearekin lotzeko erabiltzen den pieza, txirrika gurpila da, "eta gaur egun ere edozein bizikletak, trenek, autok txirrikak erabiltzen dituzte ere". Beraz, egunokotasunean balio dezakeen hitz bat zela uste zuen Zuazok: "Gero zuek erabakiko duzue zer egiten duzuen. Baina nik hitz hauek hiztegian jarri ditut".

Txori, landare, arbola eta belar izen "denak" biltzen ahalegindu da hizkuntzalaria. Baita perretxikoen eta harrien izenak ere. "Tresnak modatik pasatzen dira. Tresna bat asmatzen da, gero zaharkitua gelditzen da beste bat agertzen delako, eta hitza ere zaharra gelditzen da; aldiz, arbola edo txori izenak betirako gelditzen dira".


Koldo Zuazo, eskuinean, hiztegia egiten lagundu duten lau urdiaindarrekin batera festetako suzirian.

Lau urdiaindarren laguntza izan du, "haiek izan dira hiztegia egin dutenak"

Hiztegia osatzeko norbaiten laguntza behar zuela azaldu zuen Zuazok, eta Urbano Zelaia, Ipi Zelaia, Mariano Galarza eta Jualian Etxeberria urdiaindarren laguntza izan du. Hori izan da zein hitz sartu eta zein ez erabakitzeko laugarren kriterioa. "Haiei galdetu nizkien 6.000 hitz inguru". Hizkuntzalariak bazekien, adibidez, Nafarroan deus hitza erabiltzen zela, lau lagunei galdetu zien eta beraiek ez zutela erabiltzen esan zuten, "guk esaten dugu ezer". Orduan, deus kanpoan utzi zuen. Nafarroan aunitz esaten da, "baina hemen asko esaten da". Aunitz kanpoan geratu da. Nafarroan "ia guztian" esaten den beste hitz bat apeza da, "galdetu nien eta haiek esan zidaten apez ez, apiz eta garai batean abad esaten zela". Beraz, apiz eta abad agertzen da hiztegian, baina apez ez. "Lau lagun horiek niretako hoberenak bezain onak izan dira. Hemen jaio dira, gurasoak hemengoak ziren, bizimodu gehiena hemen egin dutelako eta bizimodu horretan euskarari heldu diotelako".

Lau urdiaindar hauengan "konfiantza osoa" eduki duela aitortu du, baina zesio batzuk egin ditu ere hizkuntzalariak. "Esate baterako galdetu nien arandano nola esaten zen eta nire lagunek arandanoa esaten zela esan zidaten. Baina badago Altsasun 1965ko hiztegi bat eta bertan ahabia agertzen da". Ahabiak jaten direnez eta azken aldian hitza galduta dagoen arren, "gure hitza da eta errekuperatu behar dugu". Hitza ikasi behar dela, ikastoletan eta eskoletan erabili behar dela gaineratu zuen.

Beste salbuespen bat mantel eta servilleta hitzak izan ziren. Lagunei galdetu eta mantela eta serbilletea esaten zutela erantzun zioten. Baina 1965ean Bakaikuko hiztegi batean sajaua eta sajau txikia agertzen dira. "Iruditzen zait bi hitz garrantsuak direla egunerokotasunean erabiltzen ditugulako". Hiztegian egon behar zuten.

Hiztegia
Lau kriterio horiek jarraituta 3.941 hitzez osatutako hiztegia egin du Zuazok. "Nire helburua perfekto bete dut". Urteena ez du ondo bete, izan ere, hiru urtetan sortu nahi zuen hiztegia eta lau urte egon behar izan du. "Arrazoia Covid-a harrapatu gintuela izan da. Birusagatik etxetik ezin atera egon ginen". Baina lau urtetan hiztegia despeditu dute. "Ez naiz aspertu, ez naiz hil, sasoitsu nago eta, orduan, fenomeno".

Hiztegiak bi zati dauzka: Burundako euskara eta euskara batua, eta bigarren zatia erdara euskara. "Iruditzen zitzaidan sartu behar zela ere". Esaterako pendiente hitza Burundako euskaran nola esaten den bilatuz gero, zintzirrin esaten zaiola jakin ahalko du. Hiztegian denetarik agertu behar denez, "hitz politak eta ez politak", gaztelaniazko pene hitzaren adierak aipatu zituen ere: "Pinpilin eta buztan agertzen dira; eta pene de chico joven pinpilin eta pene de niño pinpilin. Ondoren peña haitz, eta perro txakur. Baina perro de muestra luma txakur; ratonero arratoi txakur". Hiztegian ez dira agertzen erdarazko antzeko hitzak, esaterako, kafe edo jaleo. Rico aberats eta oscuro ilun bezalako hitzak sartu ditu, baina ez horien eratorria: aberasgarri, aberastasun, iluntasun, iluntze, ilundu... "Oso eskematikoa da".

"Niretako herri hau sorpresa on bat izan da". Herritarren galderak erantzunez, Urdiainera nola iritsi zen azaldu zuen Zuazok: "Lanean hasi nintzenean, 1989an, Arabako euskara aztertzea izan zen nire asmoa, hor egiten nuelako lan. Pentsatzen nuen Araba erdi-Castilla zela". Arabako euskarari buruzko lan bat egin zuen, baina gehiago "jakiteko gogoekin" gelditu zen eta pentsatu zuen Arabako ondoko "euskara bizirik" zegoen herrietara joan behar zuela pentsatu zuen. Aretxabaleta eta Oñati inguru horretan egon zen eta gero Goierrira joan zen; Idiazabal, Segura, Zegama, Ataun... "Nik ez nuen Burunda ezagutzen. Burundesa autobusa bai, baina Burunda ez. Hasi nintzen ikusten non egiten zen euskara hemen, Burunda, eta Urdiain aurkitu nuen". Hortaz, Urdiainera "galdera batzuk egitera" etorri zen, eta sorpresa hartu zuen. "Hemengo euskara ezagutu nuenean alde handia ikusi nuen Goierrikotik hona".

"Baina beti Urdiaingo euskararekiko gogo hori nuen; berezia delako"

1990ko hamarkadaren hasieran Urdiaingo euskarari buruzko lantxo bat egin zuen. Gero beste lan batzuk egin zituen, "baina beti Urdiaingo euskararekiko gogo hori nuen; berezia delako". 2007an Txarori bere etxea alokatuko ziola esan zion, "hemen egon nahi dut, eta hiru urtetan, urte bakoitzean, hiru hilabete etortzen nintzen". Azkenean, 2010an hiztegia egin behar zela pentsatu zuten, eta gaia moteldu bazen ere, 2018an Urdiainera itzuliko zela eta hiztegia egingo zuela esan zuen. "Oso pozik nago. Hori da egiten dakidana, hiztegiak eta gramatikak; eta iruditzen zait orain bahintzat baduzuela zuen euskara erakusteko eta ikasteko tresna bat".

Urdiainarren bigarren mezuari erantzunez, hiztegi bat egitea "lan gogorra" dela aitortu du Zuazok. Boluntarioekin bi orduko saioak egiten zituen, eta ez zela lan erraza esan du: "6.000 hitz dira, baina horiekin hitzak zer esan nahi duen eta adibide bat jartzeko eskatzen nien; esaldi batean jartzeko. Lan hori egiteko kontzentratu behar zara". Hiztegia egiten lagundu duten urdiaindarrendako, beraz, "lan gogorra izan dela" uste du hizkuntzalariak: "Meritua haiena izan da. Horiek izan dira hiztegia egin dutenak".

Galderak
"1989an hasi nintzen lanean, eta gauza arraroak entzuten ditut azken aldian Euskal Herrian euskara batuaren inguruan. Batzuk esaten dute batua laboratoriozkoa, artifiziala, plastikozkoa dela, ez daukala naturaltasunik. Beste batzuk esaten dute euskalkiak nekazarien hizkerak direla, eskola gabeko jendearen hizkera jende basatien dialektoa". Era berean, Zuazok jarraitu zuenez, euskara ikasteko zaila esaten dutenak ere direnez, "dialektoak edo euskiak, edo hika erakusten baditugu" prozesua "gehiago konplikatzen" dela, eta horregatik hobeto dela bakarrik euskara batua erakustea. "Horrelako gauzak entzuten ditut Bizkaitik hasita Zuberoa bitarte".

"Nire erantzuna da ez dagoela bat hoberena denik; euskara guztiak behar ditugu"

Horren aurrean bi galdera planteatu zituen hizkuntzalariak: "Zer nahiago duzue hankatako, oinetako, pare bat edo pare asko?". Hankatako pare asko nahiago dituela erantzun zuen: ibiltzeko, errekan sartzeko, domekan dotore jantzi eta ateratzeko, etxean goxo egoteko... "Zenbat pare gehiago ibili gauza gehiago egin ahal izango ditut egoera horietan". Bigarren galdera izan zen ea zein den hankatako parerik hoberena. "Nire erantzuna da ez dagoela bat hoberena. Mendira joateko batzuk dira onak, errekara joateko beste batzuk, hondartzara joateko beste batzuk". Euskararekin gauza bera gertatzen dela ondorioztatu zuen Zuazok. "Gelditzen bagara euskara batuarekin mugatuko gara, izango dugu hizkuntza bat oso murritza". Euskara batua liburuak idazteko eta irakurtzeko "ondo" dagoela esan zuen, "baina Urdiainen gaudenean normalena da Urdiaingo euskara egitea. Hau gure territorioa delako, eta gure territorioan hemengoa egin behar dugulako". Bide horretan, kanpotik etortzen denari erakutsi beharko zaiola esan zuen.

"Eta ez da bakarrik euskara batua edo dialektoak. Hizkuntzarekin ibiltzen naiz ni eta hemen esango dut esaldi, baina nire lankideekin perpaus esango dut. Baina ez diet lagunei perpaus esango, pedantea iruditzen zaialdako". Euskarak argotak ere behar dituela azaldu zuen hizkuntzalarik. "Abokatu batek behar ditu bere hitzak, ikasle batek bereak...". Hika eta zuka erabili behar dira ere: "Zuka zaharragoak direnekin erabiliko dugu, eta gazteagoak eta gure adinekoak direnekin hika erabiliko dugu".

Batua beharrezkoa eta ongi dagoela esan zuen Zuazok, baita euskalkiak ere beharrezkoak direla eta ongi daudela. "Behar ditugu gure hizkuntza honek esparru guztietan egon behar duelako indartsu. Batuak gogor egon behar du, baita euskalkiak ere".