Astekaria

Sentimendua eszenatokian

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko uzt. 19a, 14:30
Deserrite taldea. UTZITAKOA

2020. urtearen hasieran musika proiektu posible bat bezala hasi ziren, eta gaur egun Deserrite taldeak bere lehenengo diskoaren grabaketarako estudioa hartu du. Momentuz, zuzenekoetan dena ematen du boskoteak. Ostiralean Bakaikun  egonen dira. 

2020. urtearen hasieran Iñaki Gasko eta Gaizka Okaña gitarra joleak, Asier Palomino bajista eta Hodei Alegre bateria jolea bildu ziren musika proiektu bat egiteko ideiarekin. "Kantarik ez geneukan, baina zerbait egin nahi genuen", azaldu du Alegrek. Ondoren, Jesus Palop abeslari bezala batu zen. Horrela hasi zen Deserrite taldea. Denborarekin baxu jolea aldatuz joan da: Asier Palomino Xuarren sartu zen eta bertan "gogor" egon nahi zuen eta duela zenbait hilabete Haritz Goikoetxeak ere taldea utzi zuen eta Luken Goikoetxea sartu zen.

"Kantaria aurkitu genuen eta... Boom! Pandemiaren guztia etorri zen". Hala ere, ez zuten proiektua "stand by-ean" utzi nahi, eta konfinamenduaren garaian etxetik lanean jarraitu zutela esan du Alegrek: "Ez genuen ezer egin gabe gelditu nahi". Kantak ez zituzten sortu, "konfinamenduak ez zuelako prozesuan asko laguntzen"; baina modu batera edo bestera taldeak aurrera jarraitu zuen. "Abesti bat grabatu genuen, bakoitzak bere etxetik, eta uste dut oraindik Instagramen ari dela".

Dagoeneko hamahiru abesti sortu dituzte, eta irailean EP bat grabatuko dute

Baina abestiak sortzeko, taldekideak elkarrekin egon behar dira. "Norbaitek etxean sor dezake melodia bat, eta horren gainean letra bat jarri. Baina melodia hori guztiok batera egiten dugunean ikusten dugu zer datorkion hobeto, zein errima gustatzen zaigun gehien...". Momentuz, hamahiru bat kanta sortu dituzte, eta orain entseguak zuzenekoak prestatzera eta grabatuko duten diskoa prestatzera bideratzen dituzten arren, sortzen jarraitzen dute.

Kantak
1980ko hamarkadako rock-aren antzeko zerbait egiten dutela esan dute Deserrite taldeko kideek. "Ez dakit hard rock den", argitu du Alegrek. Erreferentziak Barricada, AC/DC, Guns and Roses, Social Distortion eta horrelako taldeak dira, "hortik hartuta gure soinu propioa eginda". Abestiaren araberakoa dela gaineratu du Goikoetxeak. Letrei dagokienez, "gaur egungo gatazkak, gertatzen diren gauzak, baina beste modu batera esanda, gure ikuspuntutik". Orain arte sortu dituzte abestietan euskara eta gaztelania uztartu dituzte, baina euskaraz gehiago egiten ari direla azaldu dute. "Gaztelaniazkoak atzean utzi gabe, euskararekin aurrera egin nahi dugu".

Duela gutxi maketa "txiki bat" grabatu zutela esan du Goikoetxeak, haiek entseguetan erabiltzeko, "jendeak galdetzen digu ea zerbait kaleratu dugun". Ekainean Iruñeko Garazi Tabernan eman zuten kontzertuan jendeak diskoa erosi nahi izan zuen. Hortaz, ideia diskoa grabatzea da, eta dagoeneko irailean grabatzen hasteko estudioa hartuta dute. Alegre: "Ez ditugu hamahiru abestiak grabatuko, seiren bat grabatzea da ideia, eta EP bat kaleratzea".

Zuzenekoak

"Zuzenekoetan, eszenatokiaren gainean, indarra transmititzen dugu"

"Ni bi kontzertutan egon naiz eszenatokiaren gainean, baina uste dut indarra transmititzen dugula", esan du Goikoetxeak. "Sentimenduak eta emozioak" transmititzen dituztela esan diote Alegreri. "Jendeak ikusten gaituenean nabaritzen du". Deserrite taldearen zuzenekoa ezagutzeko modurik onena kontzertu batera joatea dela gaineratu dute: "Ez da derrigorrezkoa, baina behintzat behin gure kontzertu batean egon behar da jendea". Irurtzungo festetako lehenengo egunean kontzertua eman zuten Urdiaingo Haizkan taldearekin batera, eta uztailaren 22an, ostiralean, 00:00etatik aurrera kontzertua emanan dute Bakaikuko festetan, plazan, Muga Zero talde lakuntzarrarekin eta Nafarroa 1512 talde arbizuarrarekin. 

Diskoa grabatu arte, taldearen abestiak eta esentzia ezagutzeko modu bakarra kontzertuak dira, eta horregatik zuzenekoak "hobetzen saiatzen" ari direla esan du Goikoetxeak. "Jendea horrekin geratzen delako, eta oso garrantzitsua da". Dagoeneko abestiak kantatzen dituzten zaletuak dituztela esan dute: "Kuadrillakoak eta Elektrokelako kideak oso garrantzitsuak izaten ari dira".

Garaiaren arabera gehiago edo gutxiago entseatzen dutela aitortu dute musikariek. Gainera, talde gehiagotan parte hartzen dute ere, eta, beraz, batzuetan geratzea zaila dela esan dute, "baina beti lortzen dugu. Gainera, orain diskoari begira buru-belarri jarri behar gara".

Lehiaketa
Deserrite taldeak Gasteizko Gazte Talent lehiaketa irabazi zuen, eta saria Jimmy Jazz aretoan kontzertua ematea zen. Kontzertu hura La Excavadora taldearekin egin zuten, "besteak beste, Lakuntzako Butonek jotzen du bertan", eta beraiekin "oso gustura" egon zirela esan du Alegrek. "Errepikatzeko asmoz gaude bi taldeak". Iñaki Gasko gitarra jolea da lehiaketara aurkezteko ideia sustatu zuena: "Gustatzen zaio Interneten sartu eta txapelketak bilatzea. Barakaldoko txapelketa bat bidali zigun aurrekoan".