Kamioiendako bidesariak 2023ko akaberarik aurrera pixkanaka ezartzen has daitezke

Guaixe 2022ko urr. 27a, 12:12

Bernardo Ziriza Perez kontseilaria azalpenak ematen. NAFARROAKO PARLAMENTUA

Nafarroako Gobernuak aurreneko bide saria Iparraldeko Autobian (A-1) jarriko luke eta gainontzekoetan ondoren.

Bernardo Ziriza Perez Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariak aurreratu du ahalmen handiko bost bidesaritan ibilgailu astunei bidesariak ezartzen 2023aren akaberan edo 2024aren hasieran hasiko liratekeela A-1 autobian, Burunda mendebaldea zeharkatzen dutena. Zirizak gaineratu duenez, beste lau autobietan bidesariak jartzeko egutegia honakoa litzateke: A-68 errepidean 2024ko erdialdean, Leitzarango Autobia (A-15) eta Sakanako Autobia (A-10) 2024ko akaberan eta N-121-A errepidean 2026ko akaberan edo 2027ko hasieran, errepide hori 2+1 bide bihurtzeko lanak despeditu ondoren.

Navarra Sumak Nafarroako Gobernuaren Kontrolerako Osoko Bilkuran egindako interpelazio bati erantzunez, Zirizak Nafarroako Parlamentuan esan duenez, Gobernuak talde parlamentarioekin batera baloratuko du "zein den unerik egokiena lehen bidesaria ezartzeko, testuinguru sozioekonomikoaren araberakoa izango baita".

Nolanahi ere, aurreratu du bidesaria elektronikoki ordainduko dela Via T sistemaren bidez, ibilgailu bakoitzaren neurriak eta pisua neurtzeko aukera ematen duen sistema baten bidez. Prezioa kalkulatzeko metodoa egindako distantzia izanen da. Bost bidesariak martxan daudenean, aurreikusitako diru-sarrerak 45 milioi eurotik gorakoak izango dira urtean. 

Gaur egun, foru administrazioa Nafarbide enpresa publikoaren eraketa bukatzen ari da, bidesarien kudeaketaz arduratuko dena. Haren egoitza Arakilen egonen da. Gobernuak hasieran proposatu zuen Etxeberriko autobus markesinaren ondoan egitea, eta udalak proposatu dio Etxarrengo industrialdean egitea. Egoitza hori egitean Irurtzun erdian dutena utzi eta han hirigintza proiektua garatu nahi luke bertako udalak.