Irurtzun-Agurain bizikleta bidea egiteko milioi bat euro

Guaixe 2023ko urt. 12a, 13:02
Txirrindulari tropela Arruazutik Uhartearakilerako bidea egiten. ARTXIBOA

Aurtengo estatuko aurrekontutik atera da diru saila da. Bidearen proiektua eta obra, bai eta lehendik dauden ibilbideak egokitzea eta hobetzeko lanak hartzen ditu dirulaguntzak.

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak milioi bat euroko zuzeneko dirulaguntza eman dio Eusko Jaurlaritzari, Irurtzun eta Agurain artean bizikleta pista bat egin eta proiektatzeko. Diru horren 300.000 euro Arabako zatirako dira eta gainontzeko 700.000 euroak Sakanarako. ″Orain gure zatia eskuratzeko nola egin lotzen ari gara″, azaldu du David Oroz Alonsok, Sakanako Mankomunitateko presidenteak. 

Dirua 2022ko estatuaren aurrekontutik atera da, 2021ean EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa bat onartu ondoren. Orozek jakinarazi duenez, ″bide beretik 2023an beste milioi bat euro jasoko du Nafarroako Gobernuak, Sakanako zatirako izanen da guztia″. Mank-eko presidenteak aurreratu duenez, ″bizikleta ibilbidea egokitzeko lanen aurrekontua bi milioi eurotik gertu ibiliko da. Euroveloren estandarretara egokitzeko makina bat lan egin behar baitira″. Gauzak ongi lanak heldu den urtean hastea nahiko luketela azaldu du. 

Dirulaguntzen helburua da Plazaolako bide berdea Gasteizekin lotzea, Agurain eta Irurtzun arteko bizikleta pista baten bidez. Pista hori lehendik dauden bideguneekin lotuko da, eta, horrela, Araba eta Nafarroa artean bizikleta bide bat sortuko da.

Sakana zeharkatu eta ibarra Arabako Lautadarekin lotuko duen bizikleta pista hori EuroVelo 1 ibilbidearen parte izanen da. Bestalde, agintarien helburua da Norvegia eta Portugal arteko EuroVelo 1 ibilbidea Baiona, Donostia eta Iruñearen arteko komunikazio alternatiba bihurtzea. EuroVelo distantzia luzeko 17 bizikleta ibilbideko sarea da, Europako kontinente osoa lotzen duena. Txirrindularien Europako Federazioak sustatzen du. Ibilbide horiek zikloturistek eta eguneroko joan-etorriak egiten dituzten tokiko biztanleek erabil ditzakete.

Helburuak
EuroVelo ibilbideen helburuak hiru dira. Aurrena, kalitate oso handiko Europako bizikleta ibilbideak kontinenteko herrialde guztietan ezartzen direla ziurtatzea, Europako jardunbide onenak mugetan zehar eramanez eta estandarrak harmonizatuz. Hurrena, ibilbide horien berri ematea erabakiak hartzeko arduradunei eta balizko erabiltzaileei, haien erabilera sustatzea eta merkaturatzea, eta eskala portu garrantzitsu bat eskaintzea Europako txirrindularitzari buruzko informazioa lortzeko. Eta, atzena, Europako herritar asko animatzea txirrindularitza probatzera eta, horrela, bidaia osasungarri eta jasangarrietarako aldaketa sustazea, eguneroko bidaietarako eta zikloturismo gisa.