Etxeberri eta Lekunberri arteko gasbidea

Gasbidea, gobernuaren erantzunaren zain

Guaixe 2023ko ots. 14a, 14:01

Araitz, Larraun eta Sakanako udal ordezkariak Aralarren egin zuten publiko adierazpena.

Larraun eta Arakilgo alkateek bilera erronda egin zuten gasbidean ardura duten bi zuzendari nagusi eta kontseilariarekin. Alternatibaren berri eman eta haren proiektuaren berri emanda, gobernukoen deiaren zain daude. Araitz, Larraun eta Sakanako hainbat toki erakunde gasbidearen kontra agertu da.

Etxeberri eta Lekunberri Aralarren barna lotuko lukeen gasbide proiektuarekin zuzenean ardura duten Nafarroako Gobernuko ordezkariekin bilerak izan dituzte Larraungo alkate Mikel Uharte Martija eta Arakilgo Udaleko alkate Oihana Olaberria Jakak. “Inork entzun ez gaituen sentipena dugu. Bileretara txostenarekin joaten gara. Hainbat konpromiso atera dizkiegu Pablo Muñoz Trigori (ingurumen zuzendari nagusia), bai Uxue Itoitz Mariñelarenari (Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendaria). Baina ez dute bete. Beraz, sentsazioa da ez gaituztela entzun”, esan du Olaberriak. Larraungo alkatearen iritziz, bilera errondan “batak besteari pasa diote pilota: Muñozek Itoitzi eta hark kontseilariari”. 

Azken bilera Mikel Irujo Amezaga Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilariarekin eta Izaskun Goñi Razkin Enpresa politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lan zuzendari nagusiarekin izan zuten. “Konturatu ginen gasbide proiektuaren inguruan ezagutza falta izugarria dutela. Saiatu ginen, eta, nik uste lortu genuela, ikus zezaten alternatiba bat badagoela, Plazaolako bide berdea dela, humanizatua dagoen trazadura”, gaineratu du Arakilgo alkateak. Haiei ere esan zieten “entzunak ez izanaren sentipena” dutela. Eta eskatu zieten udalen txostena aintzat hartzeko. “Bileratik beste sentsazio batekin atera nintzen”, gaineratu du Olaberriak. Bitartean, Uhartek jakinarazi du “estualdi batean jarri” dituztela: “epaile batek esanda, tamalez, aldeko txostena sinatu behar izan dut. Legealdian behartuen sentitu dudan sinadura izan da. Ez nuen besterik”. 

Txostena eta betebeharrak
Iribastik Irurtzunera ur ekarria egin zuen foru administrazioko teknikari batek txostena egin zuen bi udalendako. “Txosten serio bat da, ez gara ezer asmatzen ari. Dirutza pagatu dugu harengatik. Denei eman diegu. Espero dugu argia sartzea Nafarroako Gobernuan”, nabarmendu du Olaberriak. Arakilgo alkateak argitu duenez, “beraiendako ezinezkoa den trazadura egingarria dela dio txostenak”. Foru administrazioko arduradunek txostena aztertu eta hots egiteko konpromisoa hartu dute. Alkateak deiaren zain daude. 


Mikel Uharte Martija, Oihana Olaberria Jaka eta Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza.

Uhartek azaldu duenez, “Ingurumen Departamenduak gasbidea baimentzen du baina betebehar oso zorrotzak jarri ditu. Orain ikusi beharko da betebehar horietan zenbateko malgutasuna duen,  zenbat estutzen duen. Nafarroako Gobernuak jartzen dituen baldintzekin obra hori paraje horretan egitea ia-ia ezinezkoa da. Ikerketa handiak eskatzen ditu, eta, segur aski, baldintza horiek betearaziz gero, bertan behera utziko luke”. Gaineratu duenez, “Nafarroako Gobernuak orain ardura du horretan eta ikusi beharko da nola heltzen dion gai honi”.

Larraungo alkateak gaineratu duenez, “udalen bete beharrek ere oso zail jartzen du obra hori egitea. Eta egin behar badute zehaztutako baldintzak betearaztea. Baldintza horiek betearazten badira, zalantzan jartzen da lanen bideragarritasuna”. Udalek emanen dituzten hurrengo pausoez galdetuta, “gure eginbeharra da gainean egon, presionatu eta zer egin nahi duten zabaltzea. Horretan eginen dugu indar”. Larraungo alkateak gaineratu duenez, “jendeak ez du horrelakorik nahi”. 

Agerraldia 
Aralarko Kontserbazio Babes Eremua hartzen duen Araitz, Larraun eta Sakanako udal eta kontzejuetako ordezkariek elkarrekin prentsaurrekoa eman zuten larunbatean. Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza, Lakuntzako alkatea eta Aralar elkarteko presidentea izan zen bozeramailea eta hark gaztigatu zuenez, “Aralarko zati bat ikutzen badute, guztia ikutzen dute”. Gogorarazi zuen 14 km luzeko gasbidearen trazaduratik 5 Aralarko Kontserbazio Babes Eremuan daudela. “Gizarteari eta Nafarroako Gobernuari adierazi nahi izan diegu Aralar ez zela ikutuko. Proiektu horrekin Europako babes irizpideak urratzen ari dira, babes bereziko eremua delako”. 

Razkinek nabarmendu zuenez, “prentsaurrekoko argazki historikoa da. Lehenengo aldia da elkarteko herri guztietako ordezkariak elkartzen garena denen kontra doan proiektu honen kontra. Orduan, hori esan bezala, historikoa da”. Gaineratu duenez, “jakin behar dute aurrean egongo garela etorkizunean ere Aralar ikutzen badute, nahiz eta zati txiki bat izan, hor egongo garela denak elkarrekin berriz ere”. 

Mahai ingurua 
Irurtzungo kultur etxeak gasbideari buruzko mahai ingurua hartu zuen ostiralean. Larraun eta Arakilgo alkateek proiektuari buruzko argibideak eman zituzten. Irurtzungo alkateak alternatibaren berri eman zuen. Greenpeaceko Lorea Floresek, berriz, gasak munduan gaur egun zein egoera duen azaldu zuen eta, azkenik, Sarabe Arakama Irigoien ingurumen teknikariak Aralar mendiak duen balioa azaldu zuen.