Hauteskunde kanpainako ekitaldiak dohainik egiteko toki publikoak

Guaixe 2023ko api. 26a, 09:14
Irañetako frontoia. ARTXIBOA

Hauteskunde legeak hala aginduta zehaztu behar da.

Iruñeko Eskualdeko Hauteskunde Batzordeko idazkariak, Vicente Ager Icizek, Hauteskunde-araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 57.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, argitara eman du hauteskunde kanpainako ekitaldiak dohainik egiteko gorde diren lokal ofizialen eta leku publikoen zerrenda. Haien artean daude Sakanako hainbat herri. 

Arakilen udaletxeko osoko bilkuren aretoa utziko da, astelehenetik ostiralera, beti ere, udaletxean ordua eskatu ondoren. Irañetan, Uharte Arakilen eta Arruazun lokal ofizialik ez dagoenez, ekitaldi horiek leku publikoetan egiteko (plaza, pilotalekua...) baimena ematen da. Lakuntzan udaletxeko ekitaldi aretoa eta kultur etxeko erabilera anitzeko gela erabil litezke hauteskunde kanpainan.  Lizarragabengoan, berriz, kontzejuaren egoitza. Etxarri Aranatzen plaza eta kultura etxeko ekitaldi aretoa eta ikus-entzunezkoen aretoa erabil daitezke hauteskunde kanpainan. Bakaikun udaletxeko auzo gela eta udal pilotalekua, asteko egun guztietan, 10:00etatik 22:00etara. Iturmendin gauza bera.